euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal sukaldaritza ikastaroa, tango dantzagarri gaua eta afaria Chivilcoyko EEko azken jardueren artean

2008/06/05

Susana Rioja Samaniego sukaldariak bi eguneko euskal gastronomia ikastaroa egin zuen (argazkia Chivilcoyko Euskal Etxea)
Susana Rioja Samaniego sukaldariak bi eguneko euskal gastronomia ikastaroa egin zuen (argazkia Chivilcoyko Euskal Etxea)

PUBLIZITATEA

Chivilcoyko Euskal Etxeko kideek, Argentinan, zenbait jarduera bizi eta koloretsu gauzatu zituzten joan den maiatzean. Susana Rioja Samaniego chef euskaldunak eskainitako euskal sukaldaritza ikastaroan, Euskal Herriko zenbait kutixia prestatzen ikasi zuten bildutako zaleek. Euskal Etxeko egoitzan antolatutako tango topaketak, berriz, bikote bazkide eta ez-bazkideak bildu zituen gaua dantzatzen pasatzeko aukera emanez. Afarien arloan, 400 pertsona inguruk parte hartu zuten urteko lehenengo elkarretaratzean.

Chivilcoy, Argentina. 'Beti Aurrera euskal etxeko kideek azken hilabetean egindako jardueren orden kronologikoari eutsiz, iragan maiatzaren 10ean Club Ceramican antolatutako urteko lehen afariak 400 bat pertsona bildu ziren. Euskal Etxeko kideek, dantzariekin eta gazte talde baten laguntzaz, elkarteko emakumeek prestatutako janaria zerbitzatzeaz arduratu ziren.


Urteko lehen afari topaketa Chivilcoyko Euskal Etxean
[Chivilcoyko Euskal Etxekoen urteko lehen afarian bildutako partaideen ikuspegi orokorra]

Tropicalísimo Fantasía orkestrak eta Jorge Destaville tango kantariak giroa animatu zuten. Azkeneko honek, gainera, ikusleen artean 'txalo zaparrada' berezia jaso zuela azpimarratu du Nelba Calonge de Letamendi Euskal Etxeko komunikatzaile eta zuzendaritza batzordeko kideak. Emakumeek eginiko mahai erdiko lore-apaingarriak mahai bakoitzeko andereen artean zozketatu ziren.

Euskal sukaldaritza ikastaroa

Euskal Herritik etorritako Susana Rioja Samaniego sukaldariak, Gabriela Cibelli gaztearen laguntzaz, euskal sukaldaritza ikastaroa eskaini zuen maiatzaren 16 eta 17an. Lehenengo egunean 60 pertsonak parte hartu zuten eta bigarrenean ia 80 inguratu ziren tailerrera. Partaide bakoitzak ikastaroan egindako errezeten bilduma exteratu zuen. Jardunaldia amaitzerakoan, antolatzaileek zenbait opari eta oroigarri eman zizkioten Riojari. Tailerrean egindako errezetetako batzuk Chivilcoyko Euskal Etxeko webgunean ikus daitezke.


Euskal sukaldaritza ikastaroa Chivilcoyko Euskal Etxean
[Susana Rioja sukaldariak euskal gastronomia ikastaroan egindako pintxoen irudia]

Susana Riojak beste zenbait jarduera burutu zituen Chivilcoyn, herria zein bertako euskal komunitatearen jarduna eta izaera ezagutzeko. Maiatzaren 16an, ostiral gauez, tango ikuskizun batean parte hartu zuen. Udaleko Kultur zuzendariak idazle chivilcoytar baten liburua oparitu zion. Biharamunean, La hora de los vascos irratsaioan parte hartu zuen euskal sukaldaritza eta bere ezaugarrietaz hitz egiteko.

Tango dantzagarrien gaua

Tango jarraitzaileak joan den asteko ostiralean, maiatzaren 30ean, bildu ziren dantza modalitate hau praktikatzeko. Juan Franciscone orkestrak giroa alaiturik, zentroko emakumeek etxean egindako enpanadak zerbitzatu eta euskal etxea abegikor aritu zen. Ekitaldian Bragado eta Alberti hirietatik etorritakoek ere parte hartu zuten eta ikusle guztien animazioak gaua alaitu zuen.


Tango dantzagarria Chivilcoyko Euskal Etxean
[Bikote ugari bildu ziren Chivilcoyko Euskal Etxeko egoitzan tangoa dantzatzeko (argazki multzoa Chivilcoyko Euskal Etxea)]


Lotura interesgarriak

Ekitaldien argazki gehiago Chivilcoyko Euskal Etxeko webgunean
www.centrovascochivilcoy.blogspot.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia