euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Sukaldaritza Festa egingo dute Bellocq-en abenduaren 6 eta 7an, ‘Cocinero argentinos’ TV saioko kamerak bertan

2014/11/20

Badator Euskal Sukaldaritza Festa 2. edizioa Bellocq herrira
Badator Euskal Sukaldaritza Festa 2. edizioa Bellocq herrira

PUBLIZITATEA

Egitarau oparo batekin plazaratuko da 'Zelaiaren eta itsasoaren artean' izeneko Euskal Sukaldaritza Festaren 2. edizio hau. Bi egunetan zehar mota askotako proposamenak eskainiko dira, hala nola ibilbide turistikoak, jarduera gastronomikoak, dantzaldiak eta Mus Txapelketa ere barne. Parte hartu nahi duteneei voucher bereziak eskaintzen dizkiete Euskal Pampa eta Hiru Erreka erakunde antolatzaileek. "Animatu eta zatoz San Francisco de Bellocq-era hondartza, landa eta euskal giroaz gozatzera", dio gonbiteak.

San Fco. De Bellocq, Argentina. 'Zelaiaren eta itsasoaren artean' du izena Tres Arroyos hiriko Hiru Erreka euskal etxeak eta Euskal Pampa (Pampa Vasca) izeneko erakundeak bultzatzen duten Euskal Jai Gastronomikoak. Ekimenaren xedeak, baina, sukaldaritzaren mugak gainditzen ditu eta Buenos Aires probintziako eskualde honetan turismo ekintzak bultzatzea eta bertako errealitatean euskal kolektibitateak daukan eragina ezagutaraztea ere baditu helburu.

Gzuak honela,oso zabala da festaren programa: San Francisco de Bellocq-en inguruak eta Claromeco-ko hondartzak ezagutzeko ibilbideekin hasiko den egitarauaren baitan musika eta dantza ikuskizunak, eskulanak erosi/saltzeko standak, eta Tortilla Lehiaketa ere egingo dira. Tortilla Lehiaketari dagokionez, ‘Cocineros Argentinos’ telesaioaren irabazle berria den Alvaro Arizmendi chefa izango da epaimahaikideetako bat. Eta honekin lotuta aipatu behar da saioaren lan talde bat arituko dela bertan asteburu osoan festaren berri eman ahal izateko (lehiaketaren oinarriak hemen).  

Tortilla lehiaketaz gain ‘Euskal baserrietako sukaldaritza' bere liburua aurkeztuko du Marita Echave sukaldari euskal-argentinarrak eta gastronomiari buruzko hitzaldi bat emango du Iñaki Xavier Xalaberri-Undhangarin (sic) chefak igande arratsaldean.

Muslariek ere izango dute euren lekua. Igande arratsaldean ‘Domingo Echegoyen’ Mus Txapelketan hartuko dute parte eta irabazleek esku dirua jasoko dute. Bi eguneko jaia igande gauean bukatuko da erromeria batekin (jaiaren programa: larunbatekoa, igandekoa 4ak arte, igandekoa 5etatik aurrera).

Dantzarientzako gonbitea

Euskal jai guztietan bezala, honetan ere ikusi ahal izango dira Euskal Herriko dantza tipikoenak. Eta ahalik eta dantza talde gehien bildu ahal izateko, voucher berezi bat eskaintzen diete antolatzaileek euskal etxeei. Vocherrak $350 balio ditu zerbitzu hauek barne: ostatua (larunbat eta igandean), otorduak (larunbateko afaria eta igandeko gosari, bazkari eta afaria); eta erromeriara eta festara bertaratzeko sarrerak. Interesa duten taldeek dantzarien zerrenda bidali behar diete antolatzaileei, abenduaren 1a baino lehen, fiestagastronomicavasca@gmail.com helbidera. Informazio gehiago eskuratzeko, idatzi helbide horretara edota “Fiesta Gastronomica Vasca en Argentina” Facebook kontura. Euskal Pampa erakundearen blog-ean ere eskura daiteke informazioa. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia