Cordoba, Argentina. Saioak gonbidaturik Cordoba hiriko Gure Txokoa Euskal Etxeko kideek ‘La Feria de la Cocina’ telesaioan hartu zuten parte urriaren 8an, euskal sukaldaritza protagonista izan zuen astean. Saioari hasiera emateko, EEko Aylen Quiroga sukaldariak ore hautsia eta pastel-krema dituen euskal tarta hau nola egin azaldu zuen. Errezeta prestatu bitartean Euskal Etxera zergatik hurbildu zen azaldu zuen gazteak: “Nire euskal sustraiak ezagutzera joan nintzen, Murua abizena zuen birraitonaz gehiago jakin nahirik”.
Programarekin jarraituz, zikloaren aurkezle eta chefa den Gaby Reusak erronka bat onartu zuen, Buenos Airesetik Matias Cucco sukaldariak Bakailaoa pil-pilean edo Legatza koxkera egiteko desafioa bota baitzion. Gogora dezagun Matias Cucco Buenos Aireseko Iñaki Jatetxeko chefa dela.
Gure Txokoa-ko lehendakari Alejo Martinek ere hartu zuen parte programan eta bera buru duen eta oro har Euskal Etxeak komunitateari zer eskaintzen dion azaldu zuen. “Osasun egoeragatik oraintxe bertan ekintzak etenda gaude baina asmoa da datorren urtearekin aurrez aurrezko aktibitate guztiak berreskuratzea”, jakinarazi zuen.
[Gure Txokoa-ko Aylén Quiroga eta Alejo Martin Cordobako 'La Feria de la Cocina' telesaioan]
Programan zehar, euskal sukaldaritzaz ez ezik, euskal etxeez, euskaraz, ohiturez, musikaz eta gizataldeen azokaz ere mintzatu ziren aurkezle eta gonbidatuek.