Iragan asteburuan euskal kulturaren topaguna bihurtu zen Dalston auzoko The Hive kultur gunea, BaskFest jaialdiari esker. Londresko euskal sortzaileek antolatuta, jaialdi honek bisitarien esku eskura jarri zuen bertan parte hartu zuten artisten lana, perfomance, dantza erakustaldi eta hainbat kontzertuei esker.
Londres, Ingalaterra. BaskFest 2016 jaialdiak euskal artea, bereziki Londresen bizi diren euskaldunen artea, ekarri zuen iragan asteburuan Ingalaterrako hiriburura. London Basque Diaspora izeneko taldeak antolatu zuen jaialdia, Donostia 2016ren sostenguarekin.
Asteburuko proposamenek performance-ak, erakusketak, musika, txalaparta, gastronomia eta DJak uztartu zituzten, tradizioa eta gaur egungo sorkuntza, eskutik helduta. Esaterako, Juanan Eguiguren argazkilaria sukaldari-performer bihurtu zen eta sei ordu eman zituen behi-muturrak prestatzen, bere amari grabatutako bideo baten instrukzioak jarraituz. Ikusleak ere arte perfomance honetako partaide bihurtu ziren, sei ordu horien ostean jakia dastatu ahal izan zuten eta.
Bestalde, Arantxa Echarte eta Isa Suarez artistek marrazkia, musika, dantza eta herrimina uztart zituzten beraien emanaldian: Echartek mandalak marraztu zituen zuzenean, Suarezen musika inprobisazioa eta Euskal Herriko itsasoaren soinuak nahastuta. Horrez gain, Igor and Moreno dantzariek emanaldi bizi, umoretsu eta orijinala eskaini zuten, "Idiot-Sincrasy" ikuskizunarekin. Ikusle batek patxaran botila bat atera eta topa egitea proposatu zuenean, dantzariek erritmoa galdu gabe edan zuten eta ikusleei eskaini.
Jaialdiko protagonistetako bat txalaparta izan zen. Hasteko, Felipe Ugarte eta Juan Ignacio Otegi txalapartariek kontzertua eskaini zuten eta, bigarrenik, Raúl de la Fuente zuzendariaren Nomadak dokumentala izan zen ikusgai.
Amaitzeko, Londresko Ametsa jatetxeak (Arzaken sorturiko jatetxea da) pintxo bat sortu zuen bereziki jaialdi honetarako eta mila ale banatu ziren ikusleen artea, Karlos Argiñano sukaldari ezagunaren "K5" txakolinarekin lagunduta.