Bizkaiko Itziarren Semeak ska taldearen kontzertu eta ehun lagunentzako urte amaierako afari batekin ospatu zuen bere urtebetetzea Viedma eta Carmen de Patagones hirietako Beti Aurrera Aberri Etxeak. Eta nahiz eta ofizialki itxi duten 2014ko ekintzen programa, barne lanarekin jarraituko dute, 2015eko martxoan inauguratu nahi dute-eta elkartearen egoitza.
Viedma, Argentina. Hego Amerikako euren biran Buenos Airesko –hiriburu eta probintziako– hainbat jaialditan aurkeztu zen Itziarren Semeak ska, punk eta reggae banda bizkaitarra, tartean 2014ko Euskal Aste Nazionalean bertan, La Platan. Eta bidaiarekin segitzeko Txilera abiatu aurretik geldialdi berezi bat egin zuten musikariek Rio Negro probintziako Viedma hirian, bertako Kultur Gunean kontzertu bat emateko. Viedma eta Carmen de Patagones-eko euskal etxeak antolaturik, eta Rocio Basterra irakasleak egindako lanei esker, azaroaren 11an gauzatu ahal izan zen errezitala, 3rd Track eta El Escampe taldeak eta euskal etxeko dantzariak lagun.
Ikuskizuna bukatzean, musikari eta euskal etxeko kideak berriro ere elkartu ziren baina al honetan euren egoitzan, jaiarekin jarraitzeko. Ez dezagun ahaztu topaketa honekin, 1996. urtean berpiztu zen euskal instituzioak bere 18. urteurrena ospatu zuela Euskal Herriko musikariekin baina etxeko batzorde, abesbatza eta euskara taldearekin ere bai. Jaialdian lortutako arrakastagatik instituzioko buruzagiek antolaketan parte hartu zuten guztiei luzatu nahi dizkiete esker beroak, tartean, Viedmako Kultur Guneari, eta publizitatea erosi zuten hiriko komertzioei.
Urte amaierako jaia
Abenduaren 2an, bestalde, 2014ko zikloaren azken elkarretaratzea egin zuten viedmatarrek ehun gonbidatu lagun. Jaia hiriko Casino de Viedma delakoan izan zen eta urte bukaerarekin batera Euskararen Nazioarteko Eguna ere ospatu zuten. Josetxu Astolfi-k ‘Aurresku’ dantzatu ondoren, abesbatzaren emanaldiak eta ENErekin lotuta zeuden ekintzek jarraitu zuten. Bukatzeko, gonbidatu guztiek bat egin zuten euskal dantzak dantzatzen. “Oso garrantzitsuak izan dira aktibitate hauek, ospatzeko bai, baina aldi berean diru pixka bat lortzeko eta euskal etxearen egoitza ofizialki irekitzeko oraindik egin behar diren lanak egiteko. Dena ondo ateratzen bada, martxoan egingo dugu inaugurazioa, egundoko jai batekin”, adierazi dio etxeko lehendakaria den Maria del Carmen Elzaurdiak EuskalKultura.com-i.