euskal diaspora eta kultura
2013/04/15
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Gogora dezagun Euskal Herrian Pazko igandean ospatzen bada ere Aberri Eguna, Argentinan, eta Aste Santuko oporrekin bat egin ez dezaten, ospakizuna normalean aurreratu edo atzeratu egiten dela. Hona bildu ditugunak martxoaren 22tik hasi apirilaren 8ra arte egin dira. Buenos Aires hiriburuko Lizarraenea-ko lagunen kasuan, aurten Aberri Egunaren trestuinguruan antolatutakoi bi ekintzak martxoaren 22an eta 23an egin ziren, hurrenez hurren.
[Bi gonbite gauzatu ziren Buenos Airesko Lizarraenea-n, Mexiko 1880 helbidean. Martxoaren 22an, eta Ekin Argitaletxeak gonbidaturik, ‘Kafe Ekin, gogoetarako gune bat’ izeneko elkarretaratzea egin zen. Urteko lehenengo bilera honetan ‘Independentziaren Zergatiak’ gaia garatu zen, Mariana Fernandez Castelli arduradun. Martxoaren 23an, berriz, ‘Llach, la revolta permanent’ dokumentala proiektatu zen Mexiko kaleko egoitzan. Filma ikusi ondoren, topa egin zen Aberri Egunaren omenean. Argazkian ‘Kafe Ekin’ gogoeta-gunean eta topa egitean parte hartu zuten lagunak (argazkiakEE)]
[Olavarrian, euskaldun talde batek meza batez ospatu zuen Aberri Eguna. Zeremonia herriko San Jose elizan izan zen eta Gure Etxe Maitea Euskal Etxeko banderadun Julia Arouxet eta Ana Guassone Elortegui aldarean kokatu ziren, Carlos Garciarena apaizaren ondoan. Argazkian Julia Arouxet ikurrinarekin eta Ana Guassone Elortegui Argentinako banderarekin elizaren atarian (argazkiak EE)]
[Lapridako euskal etxean ere Aberri Eguna Pazko Igandean bertan ospatu zuten. 2013ko honetan, euskaldunen herriaren omenezko meza eskaini zuten Lagunen Etxea-ko kideek data gogoratzeko. Banderadunak, Nagore Adrian Argentinako banderarekin eta Juan Cruz Saldain ikurrinarekin, Enrique Germade apaizaren ondoan meza osoan zehar. Salmoa irakurtzeko ardura Mariana Saldain-ena izan zen eta fidelen otoitzean Jonathan Vassolok lagundu zuen. Aipatzekoa da sermoiaren momentuan Aberri Egunaz mintzatu zela Germade apaiza. Argazkian, (ezkerritik eskuinera) Irune Adrian, euskal etxeko lehendakari Martin Adrian, Gladys Teuly, Juan Cruz Saldain, Enrique Germade apaiza, Nagore Adrian, EEko Kontu Ikuskatzaile Susana Igartua eta Maria Ester Arrondo, idazkariordea (argazkiaEE)]
[Hirugarren urtez jarraian Arrecifes hirian deialdi berezi bat egin da Aberri Eguneko ospakizunarekin komunitate osoarengana heltzeko asmoz. Euskaldunak Denak Bat euskal etxeko kideek euren etxeetako leiho eta balkoietan ikurrinak jarri zituzten Pazko Igandean eta gauza bera egiteko deia luzatu zuten bazkide eta lagunei. Baina hori ez zen ekintza bakarrik izan. Aberri Egunari buruzko hitzaldi bat eman zuten Marianela Rimini Azarola eta Juan Ignacio Saez Abarrategui gazteek. Jendez gainezka zegoen euskal etxeko tabernan Omar Gorostidy lehendakariak eta Marta Abarrategui Loyola idazkariak ongietorria eman zieten gonbidatuei eta hitz batzuk zuzendu. Ondoren Argentinar eta Euskal Ereserkiak abestu ziren eta hitzaldia bukatutakoan Juan Lucio Agotegarayk Aberriari buruzko gogoetak partekatu zituen bildutakoekin. Mintzaldian honako gaiak garatu zituzten Marianela Romini eta Juani Saezek: "Nafarroaren Erresumaren erorketa, Lege Itundua, euskal abertzaletasunaren sormena, Bigarren Errepublika, Lehenengo Lehendakaria, Frankismoa eta bere ondorioak, eta gaurko egoera" (argazkiaEE)]
[Apirilaren hasierarekin batera, beste hainbat ekitaldiren berri heldu zaigu euskal etxe askotatik. San Miguelgo' Askatasunaren Bidea Elkartea'k, adibidez, apirilaren 7an ospatu zuen Aberri Eguna, Bella Vista-ko Corredor Aerobico delakoan euskal stand bat muntatzen. Bertan euskal kulturari buruzko informazioa eskuratu ahal izan zuten bisitariek, tartean Nafarroako geografia, euskara, sukaldaritza, dantza eta emigrazioari buruz. Lagun ugarik hartu zuten parte standean, besteak beste Elena Altube, Titita Castelli, Ita Ferreyra, Rosemarie Muglia eta Olga Aristegui euskara ikasleek; Eusko Kultur Etxeko lehendakariorde eta Ekin Dantzari taldeko zuzendari Aitor Alavak eta Askatasunaren Bidea-ko kide diren Horacio Marotto Etxezahar, Maria Jesus Andres Zarandona, Nestor Fernandez eta Mariana Fernandez Castellik, partaide egun osoko ekitaldian (argazkiaEE)]
[Cordobako Gerora-k ere, Baietz eta Txotx! taldeetako kideekin batera, apirilaren 7a aukeratu zuen bere jaia burutzeko. Kasu honetan, bazkari bat egin zuten Uspallata kaleko euren egoitzan. Sutondo Sukaldaritza Taldearen eskutik, pintxo eta brotxetez osatutako menua partekatu zuten cordobaterrek. Arratsaldean, ostera, Mus Tailerrari ekin zioten, elkarteko muslarien ardurapean (argazkiakEE)]
[Patagonian, Andeen magalean, Barilocheko Mendiko Euzko Etxeak ere ospatu zuen Aberri Eguna. Ekitaldia, apirilaren 8an izan zen, herriko Gizataldeen Pasealekuan, eta hainbat agintari lagun, tartean, etxeko lehendakaria Carlos Garaterekin batera, Udaletxeko Kontseiluko Carlos Valeri, Silvina Larraburu diputatua eta Daniel Natapoff Kontrol Kudeaketa Idazkaria. Mendiko Euzko Etxea-ko kide den Christian Pargadek hitz batzuk luzatu zizkien bildutakoei eta berritzen ari den euskal etxeko egoitzan burutzen diren ekintzetan parte hartzera gonbidatu zituen. Aipatu behar da Ostegun Santuan zozketa berezi bat gauzatu zela euskal etxean. Hiru kiloko txokolatezko arrautzaren irabazlea Glaria Haydee izan zen (argazkiakEE)]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus