Donostia-San Sebastian. Antifeminismoa (CUNY, City University of New York), hizkuntzak eta sareak (McGill Unibertsitatea, Montreal) eta hezkuntza elebiduna (University of Wales Trinity Saint David, Aberystwith) dira hurrenez hurren Etxepare Euskal Institutuak unibertsitate horietan sustatzen dituen Euskal Ikasketa Katedretan hizpide hartu dituzten gaietako batzuk joan den urrian. Gogora dezagun Etxepare Euskal Institutuak 12 katedra dauzkala gaur egun munduan barreiatuta Alemania, Ingalaterra, Gales, Frantzia, Argentina eta Quebec-Kanadako unibertsitatetan.
Bernardo Atxaga Katedra (CUNY) - New York
Eerresistentzia antifeministak
Etxepare Euskal Institutuak City University of New York (CUNY) unibertsitatean sustatzen duen Bernardo Atxaga Katedrako aurtengo gonbidatua Miren Gutierrez Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria izan da. Genero ikuspegitik, teknologiaren, diskurtsoaren eta boterearen arteko elkargunea izan zuen ardatz bertan lau egunez eman zuen tailerrak. Deustuko Unibertsitateko Miren Berasategi eta Asier Leozekin batera idatzitako ‘Erresistentzia antifeministak Lokatza podcastean’ artikulua abiapuntu, misoginiaz, erresistentzia antifeministez eta genero desinformazioaz jardun zuen Gutierrezek. Horrekin batera, ‘Erresistentzia antifeministak: ikuspegi bat Euskal Herritik’ hitzaldia eman zuen urriaren 10ean, “erresistentzia antifeminista” kontzeptua jorratuz Euskal Herrian kokatutako hiru kasuen bidez.
Elbira Zipitria Katedra (McGill University) - Montreal
Eraldaketa soziala eta diziplinartekotasuna hiri testuinguruetan
Montrealen kokatuta dagoen McGill unibertsitatearekin elkarlanean abian jarritako Elbira Zipitria Katedrak gizarte berrikuntzan du fokua. Urriaren 7tik 21era, Aitor Zuberogoitia bertaratu zen eraldaketa sozialari eta hiri-testuinguruetako diziplinartekotasunari buruzko hitzaldi eta eztabaida batzuetan parte hartzeko, hizkuntza gutxituen erabilera eta sare sozialekin duten harremana ardatz hartuta. Zuberogoitiak Gizarte Zientzien eta Humanitateen etorkizunari buruzko bere ikuspegiak partekatu zituen, baita diziplina horiek etengabe aldatzen ari den mundu honetan dituzten erronkei buruzkoak ere.
Mondragon kooperatiba-mugimenduan integratuta dagoen unibertsitate kooperatibo bateko kide bezala, Zuberogoitiak unibertsitate-eredu bakar honen jatorriari eta helburuei ere heldu zien. Halaber, "hiri etikoen" kontzeptuaren inguruan hausnartu zuen inklusioaren, iraunkortasunaren eta gobernantza irekiaren garrantzia azpimarratuz, hiri-garapen bidezkoago baten zutabe gisa. Azkenik, kultura eta hizkuntza gutxitu bateko kide den aldetik, Zuberogoitiak hizkuntza eta kultura gutxituek gure hirietan betetzen duten papera aztertu zuen. Hiri-inguruneetan garatzeko eta integratzeko bide posibleei buruz ere egin zuen gogoeta, arreta berezia jarriz sare sozialek mundu garaikidean duten presentzia eta ikusgarritasuna sendotzen nola lagun dezaketen.
Alan R. King katedra (University of Wales Trinity Saint David) – Aberystwith, Gales
Soziolinguistika eta euskara
Galesko unibertsitatean kokatuta dagoen Alan R. King katedrak galesaren eta euskararen soziolinguistika eta hizkuntza politika ditu ikerketa arlo. Urtero Euskal Herriko aditu bat hurreratzen da Aberystwyth-en dagoen Centre for Advanced Welsh and Celtic Studies-era ikerketa jarduerak burutzera, eta aurteengoan, Mikel Gartziarena izan da hautatua. Gartziarena hezkuntza elebidunean eta euskarazko hezkuntzan aditua da. Urte honen hasieran, Euskal Herriko hezkuntza-ereduetako irakasleen prestakuntzan elementu berriak sartzeko proiektu berritzaile batean parte hartu zuen, eta hasierako emaitzak partekatuko zituen bere egonaldi galestarrean.