euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal rocka San Frantziskoko eta Los Angelesko agertokietan

2014/10/24

Fermin Muguruza The Virgileko eszenatokian, Los Angelesen. EuskalKultura.com bertan egon zen (argazkia EuskalKultura.com)
Fermin Muguruza The Virgileko eszenatokian, Los Angelesen. EuskalKultura.com bertan egon zen (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Hiru euskal talderen musika entzun ahal izan da, azken egunotan, Kalifornia aldean. Hilaren 18an San Frantziskon eta asteazken honetan Los Angelesen jo dute Tania de Sousa pop-rock taldeak eta Niña Coyote eta Chico Tornado rockeroek, Fermin Muguruzarekin batera. Ceci Bastida, Tijuana no! taldeko abeslari ohia, izan dute kontzertuetan kide ere. “Bira berezia da hau niretzat –Muguruzak EuskalKultura.com-i adierazi bezala−; nirekin dauden musikariengatik eta eszenatokitik pixka bat alderatuta egotea erabaki nuelako”.

Los Angeles, AEB. Iaz egin zuen No more tour biraren ostean erabaki zuen Fermin Muguruzak (Kortatu, Negu Gorriak) eszenatokietatik aldentzea. “Horregatik dira bereziak kontzertu hauek niretzat eta horregatik ere gozatzen ditut hainbeste”, esan zuen Los Angeleseko zuzenekoaren aurretik. Kaliforniako bi hirietan bera izan zen talde nagusia eta, hurbildu zirenek, abesti klasikoak (Sarri, Sarri, En la línea del frente, Zu atrapatu arte) eta berriagoak (Plastic turkey, Yalah, yalah Ramallah!) entzun ahal izan zituzten. Bai eta The Clash punk talde britainiarraren Jimmy Jazz ere, “beraiekin hazi nintzelako”. Denboran bidaiatzea bezalakoa izan zen kontzertua kantutegia horrenbeste nahastuta. “Musikalki jenio bat da. Estilo guztietako kantak idatzi ditu, horregatik da hain klasifikatzen zaila”, esan zuen aspaldiko laguna duen Ceci Bastidak bere inguruan. “Baina berarengandik gehien gustatzen zaidana da bizitzeko duen modua abesten duenarekin guztiz koherentea dela”. Esker oneko agertu zen Irungo musikaria publikoarekin; San Diego (Kalifornia) eta Tijuanatik (Mexiko) ere ailegatu ziren batzuk.

“Berarekin jotzea eskatu zidanean asko poztu nintzen. Oso gustora nabil taldeekin”, esan zuen Bastidak kontzertu aurretik. Koldo Soret, Usua de la Fuente (Niña Coyote eta Chico Tornado) eta Tania de Sousa ere zorioneko agertu ziren Muguruzarekin batera etortzeagatik. “Lehen diskoaren ostean Ameriketan jotzea sinesgaitza da ia. Eskerrak eman behar diogu Fermini horregatik”, esan zuen azkenak. “Kristorena izan da guretzat ere Ferminekin etortzea”, gehitu zuen Soretek. Horrez gain, Los Angelesera egindako azken bisitak utzi zien zapore mingotsa kendu beharrean zegoen biko taldea, hainbat instrumentu lapurtu zizkietelako hirian jo gabe geratu baitziren udaberrian.

Lehen taldea izan zen Coyote-Tornado eta, 40 minututan, disko osoa jo zuten Izardust kanta ezik. Baina bere ordez Jimi Hendrix-en Foxy lady jo zuten, euren soinu pisutsua gehituz klasiko horri. Lainoa, Txaman eta Caballo loco izan ziren, bertsioarekin batera, abestirik onenak. “Asko gustatzen zaigu Kalifornia, lurralde erakargarria izan da beti guretzat. Baina hau hasiera baino ez da, itzuliko gara”, esan zuen De la Fuente bateria joleak kontzertu ostean.

Tania de Sousak eta bere taldekideek ere jo zuten diskoa ia osorik eta, kanta denen artean, Baso ilunetik eta Ez diot esan inori izan ziren publikoak gehien txalotu zituenak. Zuzenekoetan soinu rockeroa indartzen saiatzen da taldea, nahiz eta Lady Gagaren Bad romance ere jotzera animatu ziren. Bere aldetik, hamaika soinu desberdinez bete zuen Ceci Bastidak gaua, gitarrak, tronpetak, DJak eta perkusioak nahastuta. Bai eta ingelesa eta gaztelania batuta.

Musikariak Mexicalira (Mexiko) joan aurreko azken kontzertu honetara 50 lagun inguru hurbildu ziren. “Ilusioa ematen dit talde gazteagoak bultzatzea eta ateak zabaltzen laguntzea. Beti gustatu izan zait hori egitea, hau bezalako kontzertu txikietan bada ere”, bukatu zuen Muguruzak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia