euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Euskal presentzia Higuey-n' hizpide, Errepublika Dominikarreko Santo Domingo hiriko Akademien Etxean

2008/12/12

Akademien Etxea, Santo Domingon. Bertan eskaini zuen hitzaldia Jail Lenin Aurichek. Eskuinaldean, hizlariaren argazkia
Akademien Etxea, Santo Domingon. Bertan eskaini zuen hitzaldia Jail Lenin Aurichek. Eskuinaldean, hizlariaren argazkia

PUBLIZITATEA

Hitzaldia Jail Lenin Aurich-en eskutik etorri zen. Genealogiako Institutu Dominikarreko eta Genealogia eta Heraldika Akademia Dominikarreko kide, Aurich lehenengo erakunde horretako entzulegoaren aurrean mintzatu zen, haren Biltzarraren baitan egin baitzuen emanaldia. Aipagai hartu zuena, hizlariak berak EuskalKultura.com-i laburbildu dionez, "gaur egun Higuey probintzia dominikarra den eremuan ezarri ziren euskaldunen presentzia garrantzitsua, Errepublika Dominikarreko ekialdean".

Santo Domingo, Errepublika Dominikarra. Euskal ondarearen ekimen zabalgarri hau Akademien Etxeko hitzaldi aretoan garatu zen, Mercedes kalean, hiriburu dominikarreko alde kolonialean, bertan Genealogia Institutu Dominikarrak bere Biltzarra egiten ari zela, joan den azaroaren 21ean, ostiralez. Euskal nazioari buruzko aurkezpen orokor batek eman zion hasiera, euskaldunen hizkuntza eta kultura aipatuz, eta lehenengo euskaldunen ameriketaratzea, Colonekin.

"Errege Katolikoek Amerika deskubritu zuen Cristobal Colon almirantearekin hasi zuten ekimen konkistatzaileak ez zuen euskaldunen presentziarik falta izan hiru itsasontziak Amerikara iritsi zirenean. Ez da harritzekoa datu historiko hau, nabigatzea mendetan zehar izan baita euskal kulturari lotutako langintza, horren erakusgarri euskal nabigatzaile handien izenak, hala nola Juan Sebastian Elcano, Gaztelaren zerbitzuan zegoen itsasgizon gipuzkoarra, munduari bira ematen partaide eta Fernando Magallaes portugaldarra hil zelarik espedizioaren gidaritza jaso zuena; Miguel Lopez de Legazpi, Filipinetako artxipelaguko konkistadore eta Manila hiria fundatu zuena..." azaldu zuen Jail Lenin Aurich-ek.

Lehenengo Simon Bolivar amerikarra

Konkista delako garaian Mexiko, Argentina eta Rio de la Plata, Txile eta Venezuela aldean euren burua nabarmendu zuten hainbat euskal izen propio aipatu ostean, Karibeko beste partean segitu zuen bere kontaketa, Santo Domingon hain zuzen, eta zehatzago XVIII. mende azkenean eta Salvaleon de Higuey herrian. Aurich-ek tokiko historialari bat aipatu zuen, Vetilio Alfau Durán, honek Ameriketan jaiotako lehenengo Simon Bolivar La Españolan sortu zela idatzi baitzuen, Santo Domingon edo Higuey-n doaike. Harek gogora ekarri zuen "Simon Bolivar de la Rementeria hura, 1531eko martxoaren 5ean Bizkaiko Jaurerriko Bolibarren sortua, Altagracia de Higuey Santutegian diruzain ibili zena, bere seme Simon Bolivar y Castro (El Mozo deitua) 1589an Venezuelara emigratu, eta Simon Bolivar y Palacios Libertadore eta Amerikar Herrien Askatzaile izan zenaren laugarren aitona izan zena".

Hizlariak argitu zuen Higueyko erret artxikoek zenbait immigrante euskaldunen presentzia adierazten dutela, ekialdeko lurretan euren lana eta askazia uzten "egungo Higueyko gizarteraino helduz". Immigrante talde txiki hau alboko Puerto Ricoko irlatik etorria zatekeen, edo Venezuelako La Guairatik, Gipuzkoako Erret Konpainia desegin zelarik, 1777 eta 1785 artean.

Hitzaldia XVIII. mende hondar aldean eta XIX.aren hasieran Salvaleón de Higuey-n euskal deituradun ziren pertsonaia batzuen errepasoarekin bukatu zen. Horien artean aipatu zituen (sic) Juan Arache, Pedro Charro, Isidro Gaztelamendi, Juan Oliaga, Martín Larrachea, Salvador Larburu eta Francisco Murua, itxuraz guztiak bizkaitarrak.

Lotura interesgarriak

Genealogiako Institutu Dominikarra
www.idg.org.do

'Los vascos en la República Dominicana' (pdf)
Jesus de Galindezek idatzia, Euskomedian

'Vascos en Santo Domingo' eta Galíndez
Manuel Vazquez Montalban Madrilgo El País-en (1990-02-19)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia