euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal presentzia Buenos Airesko 47. Nazioarteko Liburu Azokan, aurten 'minieskolekin', euskara dastatzeko

2023/05/05

Fundación Vasco Argentina Juan de Garayk antolatutako euskal standa Buenos Aireseko 47. Nazioarteko Liburu Azoka
Fundación Vasco Argentina Juan de Garayk antolatutako euskal standa Buenos Aireseko 47. Nazioarteko Liburu Azoka

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Urtero legez sasoi honetan, aurten ere euskal komunitateak bat egin du Buenos Aireseko Nazioarteko Liburu Azokarekin, munduan espainolezko azoka nagusia denarekin Mexikoko Guadalajarakoarekin batera. Juan de Garay Euskal Argentinar Fundazioak bere lekua dauka Azokaren 47. edizio honetan eta Pabiloi Horiko 2123 standean, erakunde horren argitalpenak, oroitzapenak, liburuxkak eta, aurten nobedade, 'euskara minieskolak' topa daitezke, oinarrizko euskara pilulak emanez hurreratzen direnei.

Izan ere Itxaso Goikoetxea Euskadiren Argentina-Mercosurreko Ordezkaritzako bekadunaren eskutik, 'euskara miniklaseak' ari dira eskaintzen, publiko orori zabalik. Parte hartzeko, hurrengo txandetan standera bertaratzea baino ez dago, maiatzaren 8an, 10ean edo 15ean, arratsaldeko 17: 00etan, baldintza bakarra euskarara hurbiltzeko gogoa, eta 'euskara pilulak' dastatu nahi izatea. Itxaso Goikoetxea prest egongo da euskarari buruz egingo zaizkion galdera guztiei erantzuteko.


Itxaso Goikoetxea oinarrizko euskara pilulak ari da zabaltzen Euskadiren standean

 
Juan de Garay Euskal Argentinar Fundazioak bertan dauzkan bere liburuetako batzuk

 
Lauburu Argidaldari euskal argentinarrak ere Azokan eskainiko ditu bere liburuak

Datorren asteazkenean, maiatzaren 10ean, 20:30etan, Fundazioak R. Walsh aretoan aurkeztuko ditu iaz argitaratutako lanak. “Los Vascos-Euskaldunak” izeneko aldizkariaren hiru ale, “Los Vascos en la Argentina” 2023ko urtekaria eta “Los Vascos en la Recoleta”. Era berean, Ezequiel de Ogetak “Francisco Xavier de Viana. Retrato de un prócer sin rostro” liburua aurkeztuko du. Juan de Garay Fundazioarekin harremanetan jartzeko, fundacionjuandegaray@gmail.com helbidera idatz daiteke.

Lauburu Argitaldaria

Baina Pabiloi Horiko 2123 ez da euskal gaiei buruzko liburuak lortzeko azokako leku bakarra. Ediciones Lauburuk, lankide duen TYPEOren standean (428 Pabiloi Urdina) erakusten ditu bere argitalpenak. “Jendeak berehala identifikatzen du euskal gaiei buruzko liburuak direla eta hurbiltzen dira. Batzuek familia istorioak edo abizenaren jatorriari buruzko kezkak partekatzen dituzte, beste batzuek, informatuago daudenak, bestelako gaiak planteatzen dituzte, politikoagoak», azaltzen dio Ediciones Lauburuko erreferente Nicolás Chavesek Euskalkultura.eus-i. Eurekin harremanetan jartzeko, edlauburu@gmail.com helbidera idatz daiteke.

Buenos Aireseko 47. Nazioarteko Liburu Azoka La Ruraleko, Predio Ferialen egiten da, hiriburuko Palermo auzoan. Apirilaren 27an hasita, maiatzaren 15era arte egongo da zabalik: astelehenetik ostiralera, 14etatik 22etara; eta larunbat eta igandetan, 13etatik 22etara.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia