euskal diaspora eta kultura
2013/05/10
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Brnoko Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakurletzak antolatuta, “Chansons d’amour, ilargi beterik gabeko gauak” izeneko poesia irakurraldia egin zen hiri txekiarrean iragan asteartean, maiatzaren 7an. Ainara Maya irakurlea izan zen ekitaldiaren antolatzailea eta bertan zenbait hizkuntzatan idatziriko poemak entzun ahal izan ziren, hala nola euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta txekieraz. Irakurraldian irakurletzako ikasleak izan ziren, euskarazko poesiaz zuzenean gozatzeko aukera probestuz.
Egun batzuk lehenago, maiatzaren 3an, euskal poesia munduko beste bazter urrun batean ere izan zen entzungai, New Yorken, hain zuzen ere, Tere Irastortza poetari esker. Irastortzak parte hartu zuen Pen World Voices Festival jaialdiko “Speaking in Tongues” programako ekitaldi batean, New Yorkeko Unibertsitatean (NYU), eta bere olerkietako batzuk irakurri zituen bertan. Berarekin batera beste bi poetak parte hartu zuten ekitaldian: Mencion Mateu katalanak eta Odi Gonzales peruarrak. Ekitaldia euskaraz, katalanez eta quechua hizkuntzan egin zen, ingeles itzulpenarekin, Etxepare Euskal Institutua laguntzaile.
“Harro sentitzen naiz euskal kultura ordezkatzeagatik, (…) baita hizkuntza minoritarioak jarraitzen edo jorratzen dituzten beste kultura batzuetako jendea ezagutu ahal izateagatik ere”, nabarmendu zuen Tere Irastortzak, Etxepare Euskal Institutuak aditzera eman duenez. “Sorkuntzaren ekintzak berak duen esanahia erakutsi nahi izan dut, bai amatasunaren zentzu fisikoan, baita sortze kolektiboarenean ere, zeina ezin den autore bakoitzaren kulturatik banandu”, azaldu zuen egileak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus