euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal-perutar jatetxe berria irauteko kinka larrian Estatu Batuetako Twin Falls herrian

2012/02/01

Fausto Cuares bezeroekin hizketan Twin Falls-en ireki berri duen Euskal-perutar jatetxean (argazkia DrewNash)
Fausto Cuares bezeroekin hizketan Twin Falls-en ireki berri duen Euskal-perutar jatetxean (argazkia DrewNash)

PUBLIZITATEA

Idahoko Twin Falls herriak jatetxe berri bat du iragan abenduaz geroztik, eta bertaratzen diren bezeroek proposamen berezia dastatzeko aukera dute; izan ere, euskal-amerikar zein perutar gastronomia eskaintzen du bertan Fausto Cuares sukaldariak. Urtetan besteen jatetxeetan lanean aritu ostean, bere negozioa abian jartzeko erabakia hartu zuen iaz 61 urteko perutarrak, baina momentuz gauzak pattal doaz. Prezio merkeak izanagatik, jatetxearen berri zabaltzea kosta egiten ari zaio Cuaresi eta, urtebeten gauzak hobetu ezean, bizitzako ametsa bertan behera utzi beharko du. MagicValley.com webgunean jaso dugu istorioaren berri.

Twin Falls, AEB. Bizitza osoa besteen aginduetara lanean ibili ondoren, iragan abenduan Fausto Cuares sukaldariak jatetxea ireki zuen Twin Falls hirian. "Basque — American & Peruvian Diner" delakoan, izenak dioen bezala, inguruotako euskal immigranteek sortu zuten euskal-amerikar estiloko janaria zein bere sorterriko, Peruko, jaki tipikoak eskaintzen ditu Cuaresek.

27 urterekin etorri zen AEBetara Fausto eta orain Idahoko bizilagunei perutar gastronomiaren kutixiak erakusteko irrika du: anticucho-ak edo mazamorra (masustekin eginiko postrea), adibidez, eta, horiekin batera euskal jatorridun txorizo ogitarteko tipikoak eta txuletak. 

Elko-tik Jerome-era

Alejandrina emazteak jatetxe propioa irekitzeko ametsa betetzeko animoak eman zizkion eta, iragan urrian, Cuares familiak Elko utzi eta Jeromera etorri zen. Baina, harrezkero Faustori kosta egin zaio jatetxearen berri zabaltzea eta negozioa ez doa uste bezain ondo.

"Gaizki sentitzen naiz, bezerorik ez dudalako", esan dio Cuaresek www.magicvalley.com-i. Janaria bota egin behar izan du, baina jende gehiago etortzen hasiko dela espero du. Urtebeteko epea eman dio Cuaresek bere buruari. Negozioak gora egin ezean, itxi egin beharko du. 

"Basque — American & Peruvian Diner" (117 Main Ave. E., Twin Falls). Astelehenetik larunbatera irekita, 7:00tik-21:00ra. Tel. 933-2088

Jatorrizko artikulua, ingelesez, hemen.

Munduko euskal jatetxeen zerrenda, EuskalKultura.com-en 'Baliabideak' atalean, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia