Santiago, Txile. Txileko Euskal Gizataldea Euskal Etxeak datorren asteartean, maiatzaren 30ean, abiatuko du 2023ko bere Euskal Astea. Aurten "euskal personaia historiko nabarmenak" gogoratu nahi dute. Programari hasiera emateko, pintura erakusketa bat inauguratuko dute, Euskal Etxeko, Estadio Españoleko eta Hogar Español-eko lagunen lanak erakusgai, euskal pertsonaia jakin batzuk jaio ziren lekuak margotzea proposatuta. Astean zehar, hainbat jarduera egingo dituzte Estadio Españoleko instalazioetan, aipatu euskal pertsonaia horiek ardatz hartuta. Ospakizunak igandean amaituko dira mezarekin, Euskal Etxeko abesbatza partaide.
Hauxe da Asteko egitaraua:
- Asteartea, maiatzak 30. 19etan: pintura erakusketaren inaugurazioa Estadio Españoleko El Greco aretoan
- Asteazkena, maiatzak 31. 19etan: Alejandro Amenabar-en “Mientras dure la guerra” filmaren emanaldia, antzerki aretoan. Fernando Moure aurkezle.
- Osteguna, ekainak 1. 19etan: “El almirante Blas de Lezo y Olavarrieta”, Roberto Casanova Esparza-en hitzaldia, Cervantes aretoan.
- Ostirala, ekainak 2. 19etan: X. Abesbatzen Topaketa, Reyes de España aretoan.
- Igandea, ekainak 4. 11etan: meza Colectividad Vasca de Chile Euskal Etxeko abesbatzarekin, Virgen de Covadonga Kaperan.