euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal PEN Klubeko bi ordezkarik Egin-Egunkaria kasuak aurkeztuko dituzte Writers in Prison Commitee delakoan

2008/04/03

The PEN, A World Association of Writers-eko logoa
The PEN, A World Association of Writers-eko logoa

PUBLIZITATEA

Urtzi Urrutikoetxea eta Lutxo Egia Euskal PEN Klubeko zuzendaritza batzordeko kideak Glasgowera (Eskozia) abiatuko dira, bihartik igandera Nazioarteko PENeko Writers in Prison Commiteeko (WIPC) batzordeak bertan egingo duen bileran parte hartzeko. 'Euskal Herrian euskal kazetariengan urratzen diren adierazpen askatasun'en gaia eramango dituzte mahai gainera. Egin eta Euskaldunon Egunkaria kasuak azalduko dituzte txosten baten bidez, ondoren, irailean Bogotan (Kolonbia) egingo den batzarrean 'euskal kazetarien aldeko ebazpena' eskatzeko.
Euskal PEN Klubeko Urtzi Urrutikoetxea eta Lutxo Egia kideek txosten bat aurkeztuko dute bihartik igandera bitartean Glasgow-en burutuko den Nazioarteko PENeko Writers in Prison Commitee (WIPC) batzordean, 'Euskal Herriko kazetariek azken urteetan jasotako adierazpen eskubideen urraketa' salatzearren. Euretako lehenaren aburuz, 'joan aurretik nazioartean Euskal Herriko kazetariek jasan dituzten atxiloketei buruzko jakinmina dagoela iruditzen zait'. Izan ere, 'Txina, Iran, Kuba edota Turkia bezalako herrialdeetan adierazpen askatasuna urratua izan dela behin baino gehiagotan salatu dute nazioartean, baina mendebaldeko herrialdeetan hori gertatzea arraroa egiten zaie', azpimarratzen du Urrutikoetxeak.

Euskal PEN Klubak hasieratik hartu zuen Egin eta Euskaldunon Egunkaria auzien ardura. Lehen egunkariko langile ziren Xabier Salutregi (Egin-eko zuzendaria) eta Teresa Toda (Egin-eko zuzendariordea eta Euskal PEN Klubeko kidea). Toda iragan urteko abenduan atxilotu zuen poliziak eta hamar urteko espetxe zigorra ezarri diote 'ETArekin izandako ustezko kolaborazioarengatik'. Urtzi Urrutikoetxeak Euskal PEN Klubaren izenean dioenez, 'hau guztia oso larria dela iruditzen zaigu'.

WIPC Batzordearen prozedura honakoa da: idazle eta kazetariek jasaten dituzten erasoei buruzko datuak jaso ondoren, ikertu eta urtean behin egiten den Nazioarteko PEN Klubaren Batzarrerako txosten bat lantzen du. Batzar hauetan munduko 140 zentro baino gehiagoko 300 bat ordezkarik ebazpenak onartu edo ezeztatzen dituzte. Hurrengo batzordea Bogotan (Kolonbia) egingo da datorren irailean. Euskal PEN Klubaren helburua 'euskal kazetarien aldeko testu bat aurkeztea izango da' eta 'adierazpen askatasunen urraketak direla-eta, Nazioarteko PENek espainiar gobernuari deialdia egitea', azaldu du Urtzi Urrutikoetxeak.


Lotura interesgarriak

Euskal PEN Klubaren webgunea
www.euskalpen.org

'Egunkaria, euskaldun bizitzeko erabakimena', Iñaki Uria
2006ko otsailaren 20ean EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia