euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaldunak ere partaide Argentinako Bigarren Mendeurrenaren inguruko ospakizunetan (II)

2010/06/01

Villa Mercedesko Euskal Etxeari atxikitako “Camerata de la Luna” abesbatzak bi kontzertu eman zituen
Villa Mercedesko Euskal Etxeari atxikitako “Camerata de la Luna” abesbatzak bi kontzertu eman zituen

PUBLIZITATEA

Maiatzako Iraultzaren Bigarren Mendeurreneko ospakizunen ohiartzunak heltzen ari dira oraindik ere geurera. Bistan da Argentina osoan ospatu zen urtemuga honek euskal etxeetan ere leku berezia izan zuela. Mota askotako ekintzak prestatu zituzten euskal argentinarrek euren arbasoak jaso zituen herrialdeari omenaldia egiteko. Kabalkadak, dantzak, musikak, hitzaldiak eta janari tipikoak, argentinarrak nahiz euskaldunak, gailendu ziren euskal erakundeetan bizitzan behin bakarrik ospatzen den honelako festa batean. Artikulu honetan, Azul, Villa Mercedes eta Lapridako jaiak.

Azul, Argentina. Nahiz eta Bigarren Mendeurreneko ospakizun nagusiak maiatzean bertan izan, urte osoan gauzatzen ari dira Argentinan zehar urteurrenari buruzko ekitaldiak. Buenos Aires probintziako bost hiri izan dira hautatuak Bigarren Mendeurreneko egitarauaren ekintzak aurrera eramateko. Hautako bat Azul hiria, eta arrazoia edo helburua, kultur aniztasuna aldarrikatzea. Ohore honek 2007. urtean ditu erroak, Espainiako Gaztela-Mantxako UNESCO elkarteak Azul Primera Ciudad Cervantina de Argentina (Argentinako lehenengo hiri cervantestarra) izendatu baitzuen. Izan ere, Azulen “On Kixote Mantxako” liburuaren 300 ale diferente biltzen dituen bilduma dago, handiena Espainiatik at, Bartolome J. Ronco azuldar zenak dohaintzan emandakoa. Alabaina bilduma honi ale bat bederen falta zitzaion: euskarazko “On Kixote Mantxako”. 'Akats' larri hori bideratzeko, Gure Txokoa Azulgo Euskal Etxeak liburuaren euskarazko bertsioa eskuratu zion Bartolomé J. Ronco Udal Liburutegiari.

Argentinako Bigarren Mendeurrena 2010 10

[Azulgo Gure Txokoa-ko euskal etxeak “On Kixote Mantxako” liburuaren euskarazko bertsioa oparitu zion Bartolomé J. Ronco Udal Liburutegiari]

Beste alde batetik, eta bigarren urtemugaren ospakizunen testuinguruan, 'Encuentro Internacional de Teatro Otoño Azul' delako antzerki elkarretaratzean Donostiako “Agerre Teatroa” taldeak Puta vieja alcahueta Celestina antzezlana aurkeztu zuen. Bezperan, harrera ekitaldia egin zieten eguerdiz euskal artistei Azul bertako Euskal Etxekoek euskal elkartearen egoitzan, bazkari tipikoa eskainiz. Geroago, Maite Agerrek saria eskuratuko zuen bere antzezle lanagatik antzerki jaialdian.

“Maiatzaren 25a garrantzi handiko data da guretzat”, azaldu zuten Azulgo euskal etxeko kideek Bigarren Mendeurreneko ekitaldion aurrean. “Izan ere, Independentziaren hazia izan zen. Askatasuna, berdintasuna, elkartasuna, justizia, egia eta bakearen bidez kultur aniztasuna bultzatzen saiatzen gara. Hori da gure komunitatea aberasten duena”, adierazi dute Gure Txokoa-ko arduradunek.

Argentina erdialdera mugituz, San Luis probintziako Villa Mercedesen ere ikuskizun batekin ospatu zen data esanguratsua. Maiatzaren 22an eta 23an, IFDC Antzokian “Camerata de la Luna”, euskal etxeko abesbatza lagunak bi kontzertu eskaini zituen. Abesbatzaren emanaldia Argentinako ereserkiarekin bukatu zen.

Argentinako Bigarren Mendeurrena 2010 11

[Villa Mercedesko Euskal Etxeari atxikitako “Camerata de la Luna” abesbatzaren kontzertua]

Argentinako Bigarren Mendeurrena 2010 12

[Villa Mercedesko Euskal Etxeko buruzagiak. Erdian, Liliana Rouan EEko egungo lehendakaria]

Buenos Aires probintziara etorriz, Lapridako Lagunen Etxea Euskal Etxean, berriz, paella erraldoi batekin hasi ziren ospakizunak maiatzaren 23an. Pilota Azpibatzordeak antolaturik, Eduardo Martin eta Alejandro Eyherabide pilotariak izan ziren janaria prestatzeko eta saltzeko arduradunak. Biharamunean, hau da, maiatzaren 24an, “Euskaldunak Argentinan” izeneko erakustaldia inauguratu zen.

Argentinako Bigarren Mendeurrena 2010 14

 [Lapridako Euskal Etxean "Euskaldunak Argentinan" delako erakustaldia egin zen]

Erakusketak gai hauek hartu ditu ardatz: Euskaldunak Argentinan: Lapridako Arturo Campion Euskal Ikasguneko partaide den Eduardo Torry soziologoak gai honi buruz hitzaldi bat eman zuen. Euskaldunak Lapridan: Eduardo Torryk eta Monica Azpiazuk ikerketa bat egin zuten Lapridako euskal abizenak eta euskaldunen ogibide ohikoenei buruz. Euskal Dantzak eta Jolasak: euskal etxeko Beti Gazte dantza taldea Martina Larraza zuzendariaren eskutik, jolasak erakutsi eta jendea dantzan jartzen saiatu zen. 

Chima Lauquen: EEko Eusko Txokoa Liburutegiak hartu zuen bere gain gai hau eta Chima Lauquen, Rigoitiako Braulio Bilbaok 1879. urtean sortutako estanciari buruzko informazioa eman zuten. Euskal Armarriak: euskal etxeko gaur egungo kideen artean 26k badute euren armarria Jose R. de Uriarte Baskoniako zuzendaria argitaratutako "Los baskos en la nación Argentina" liburuari kasu emanez lorturik. Euskal munduari begirako lehioa: Olavarriako 'Gure Etxe Maitia'k, Lamadrid-eko 'Etxea Euzkadi'k, eta Lapridako 'Lagunen Etxea'k argitaratutako 26 artikulutako bilduma, 1988tik 1992ra arte.

Argentinako Bigarren Mendeurrena 2010 13

[Ester Arrondo Lagunen Etxea-ko libururegiaren arduradunak euskal emakumeei buruzko erakusketan hartu zuen parte]

Euskal emakumea: Arturo Campion Euskal Ikasgunearen albistegian agertutako emakumeari buruz hainbat artikulu eta ikerlanak. Euskal Abizenak Lehenengo Biltzarrean: Alicia Mendiorozek egindako ikerlana.

Maiatzaren 25an, eta beste hainbat herritan bezala, Te Deum-a ospatu zen Lapridako Santos Joaquin eta Ana Elizan. Ondoren ekintza ofiziala, eta iluntzeko seietan berriro ireki ziren Euskal Etxeko erakustaldiaren ateak.

Lotura interesgarriak

Azulgo Ronco Erakundea
www.casaronco.com.ar

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia