euskal diaspora eta kultura
2010/05/07
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Hizkuntz Irakaskuntzaren Zikloa urtero gauzatzen da Buenos Airesko Nazioarteko Liburu Azokaren inguruan. Azken edizioetan legez, aurten ere Euskal Herriko hizkuntzak bere lekua izan zuen 'Arrakasta handiko esperientziak: baliabide berriak eta baliabide berritzaileak' leloa izan zuten jardunaldi hauetan. Argi dago euskararen irakaskuntzan dabiltzatenek zeresan handia dutela eremu honetan. Hori dela eta, HABEko Euskara Munduan programaren arduraduna den Jose Franzisko Zinkunegi irakasleak hitzaldi bat eman zuen maiatzaren 5ean burutu zen zikloan.
Euskararekin on-line egindako esperientzia
Berrogei bat lagun bildu ziren Liburu Azokako Domingo F. Sarmiento aretoan euskarari buruzko hitzaldia entzute aldera. Hasteko, Zinkunegik euskararen kokapen geografikoa eta hizkuntzaren estatus juridiko eta administratiboa zein den azaldu zuen. Ondoren, HABEko teknikariak Euskadin sortu ziren hizkuntza politikak eta gaur hiztunen kopurua zein den aipatu zituen.
Argentinan Euskaraz programaz ere mintzatu zen Zinkunegi. Gai honi dagokionez, Argentinan euskara irakasteko proiektua 1990. urtean eta hainbat euskal etxeri erantzuteko jaio zela adierazi zuen teknikariak. Honekin lotuta, azaldu zuen denboraren poderioz nola teknologia berriez baliatzen hasi ziren, on-line plataformak abian jarriz, iraskasleak trebatu eta haien euskara mantentzeko asmoarekin. “On-line ikastaroek aurrez-aurreko klaseek duten kalitatea, baliabideak eta irakaslearen eta ikasleen arteko elkarreragina mantendu behar dituzte”, esan zuen irakasle euskaldunak. “Benetako erronka ez da teknologia berriak erabiltzen jakitea, baizik eta tresna horiek baliatuz metodologiari eustea”, ondorioztatu zuen Euskara Munduan programaren arduradunak.
[Jose Franzisco Zinkunegi]
Euskal partaidetza Hizkuntza-Irakaskuntzaren Zikloan
Bertan esan zenez, lan handia egiten ari da Argentinako Euskal Federazioa azken urte hauetan Euskal Herriko hizkuntza eta kultura euskal etxe eta orokorrean euskal erakundeetatik at zabaltzeko. Juan de Garay Fundazioarekin batera Liburu Azokan egiten dituen ekintzak horren paregabeko adibidea dira.
[Liburu Azokan ikusgai zegoen posterra]
Hizkuntz Irakaskuntzaren Zikloan parte hartzeak eremu berri bat irekitzen dio Federazioari. Aldi berean, horrelako ekitaldien antolatzaileek jakinmin aparta izan ohi dute euskararengan. “Arrazoiak mota askotakoak dira”, azaltzen dute FEVAtik: “Euskara hizkuntza minorizatua izatea, Eusko Jaurlaritzak Diasporarentzako hizkuntza politika berezia edukitzea, irakaskuntzan aritzen ez diren ikasleak irakasleak trebatzeko proiektua bultzatzea, programak eguneratuta egotea eta Euskal Herritik hain urrun egonda ere, hizkuntza mantentzea dira zergati haietako batzuk”, adierazten dute honez gero zikloaren antolakuntzaren azpibatzordean dagoen FEVAk.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus