euskal diaspora eta kultura
2013/02/27
PUBLIZITATEA
Arrecifes, Argentina. Bere mendeurrenerantz hurbiltzen hasia da jadanik Euskaldunak Denak Bat euskal etxe arrecifestarra. Geratzen diren bederatzi urteak ez dira ezer elkarte honek daraman ildo eta ilusioari erreparatuz. Eta iaz 90. urtemuga ospatzeko egindako ospakizunaren bidetik segitzen badu, agerian baino ageriago geratuko da gogor eusten diotela eta arbasoen sentimentua etengabe biziberritzen dutela arrecifestarrek, bertan marka handikoa den euskal kulturari oihartzun eta proiekzio zabala emanez. Oraingoz, baina, urtebetetzeak banaka segitzen dute ospatzen eta laurogeita hamaika urtez egindako etengabeko lanagatik egin zuten topa erakundeko agintari, kide eta lagunek joan den otsailaren 23an.
19an bertan ospatzen hasi
Ospakizunen programa, ordea, otsailaren 19an hasi zen. Eta euskal etxeak herriko beste erakunde askorekin daukan harreman estua gailenduz, Ricardo Gutierrez klubean egin zuten urtemugako lehendabiziko ekintza euskal etxeko kideek. Urtebetetzearekin batera, klubeko udalekuaren azken eguna ospatu zuten Euskaldunak Denak Bat-eko gazteek, dantza erakustaldia eskainiz.
[‘Bizkaiko kostaldea’ erakustaldia Arrecifesen da. 40 argazkiz dago osatuta, eta Erandioko ‘Radio Club Takolos’ kultur elkarteak sortua da. Laura Nobilek azaldu zuenez, 2012an jarri zen elkartea kontaktuan euskal etxeko lagunekin eta euren lana, eta batez ere euskal kultura zabaltzeko asmoarekin eskaini zien. Proiektu berean, ‘Erandioko Bazterrak’ izenekoa, Lapridako Lagunen Etxea-ra bidali zuten herri bizkaitarreko ‘Radio Club Takolos’-eko lagunek (argazkiak EE)]
Urtemugaren egitarauarekin jarraituz, joan den larunbatean elkartu ziren euskal etxeko lagunak Lamadrid kaleko egoitzan urtebetetze jaian parte hartzeko. Omar Gorostidi lehendakariak eman zien ongietorria gonbidatuei eta ondoren ‘Bizkaiko kostaldea’ izeneko argazki erakusketaz gozatzera gonbidatu zituen. Irudietara jo aurretik, Laura Nobilek erakusketa Arreciferesera nola iritsi zen azaldu zion publikoari. Gogora dezagun ‘Bizkaiko kostaldea’ martxoaren 11ra arte egongo dela ikusgai euskal etxean, goizeko 9:30etatik 11:30etara.
[Euskal jai guztietan bezala, honetan ere dantzak, musika eta kantak izan ziren protagonista euskal etxeko kideen elkarretaratzean (argazkiak EE)]
Kantauri itsasoko paisaietan barrena ibili ondoren, ‘Lau Haizetara’ dokumental-sortako ‘Burdina eta Itsasoa: Bizkaiko Mendebaldeko Kosta’ atala proiektatu zuten 91 urte bete zituen instituzioko arduradunek. Filma bukatuta, gazteek --adinez gazteek baina baita gogoz ere gazte direla erakutsi zutenek-- dantzagunea hartu zuten karaokea egiteko. Jaia ordu txikiak arte luzatu zen, urtebetetze tarta, brindisa eta kanta-txapelketekin.
‘Musikariak’ erakusketa
Beste alde batetik, euskal etxetik jakinarazten dute otsailaren 24an herriko Mitre Plazan egindako argazki erakusketan, Euskaldunak Denak Bat-eko bi kide izan direla protagonista.
[Mitre Plazan egindako erakustaldian, txistulariak ere musikarien artean: Juan Ignacio Saez Abarrategui eta Marianela Rimini Azarola (argazkiak EE)]
Erakustaldia Arrecifeseko Wanceslao Duzac argazkilariak egin eta antolatua da eta beste musikari batzuen argazkien artean, euskal etxeko Juani Saez Abarrategui eta Marianela Rimini Azarola txistularien irudiak ikus zitezkeen. Urtebetetze jaian, argazki hauek erakusteaz gain, 'make-off'a edo argazki saioa egiten ari zen bitartean grabatutako bideo bat ere bota zuten.
2013ko ekintzak
Sortu berria duten abesbatzan parte hartzeko gonbitea zabaltzeko eskea ere heldu zaigu Arrecifesetik. Entseguak martxoaren 7an hasiko dira, Martin Aguilar pergaminotarra irakasle. Horrez gain, eta nobedade gisa, txistu tailer bat emango dute Saez eta Rimini musikari gazteek, euskal etxean eta hamabost egunean behin. Informazio gehiago eskuratzeko, idatzi centrovascoarrecifes@gmail.com helbidera.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus