euskal diaspora eta kultura
2013/04/17
PUBLIZITATEA
Rosario, Argentina. Mendeurreneko ekitaldiak pasata, urte lasaiagoa izango dute aurtengoa Zazpirak Bat-eko kideek. Bareagoa, bai, seguruenik, baina engaiamendu gutxiagokoa ez. Izan ere, mugimendu nabaria ikusten da Rosarioko euskal erakundean bertan burutzen diren ekintzak kontuan hartuta.
2013ko egitaraua abiada ari da hartzen. Dagoeneko dantzariak astero hasi dira biltzen entseatzera: Txikiak ostiraletan iluntzeko 7etatik 8:30etara eta gazteak larunbatetan arratsaldeko 6etatik aurrera. Dantza eskoletan parte hartu nahi dutenek ordutegi hauetan hurbiltzea baino ez dute.
Pilotalekuari dagokionez, irekita egoten da publikoari asteartetik larunbatera arratsaldeko 6:30etatik 9:30etara.
Eta euskara klaseak ere ematen dira euskal etxean, Alejo Conti eta Fernando Lizarberen eskutik. Oinarrizko mailako klaseak larunbatero dira arratsaldeko 5etatik 7etara eta ikasle aurreratuak larunbatero baina 6:30etatik 8:30etara biltzen dira.
Euskal jaien egutegia
Aipatutako ekintzez gain, Euskal Herrian urtero egiten diren zenbait ospakizunek oihartzuna izango dute Zazpirak Bat-en ere. Batzuk jaiak izango dira; beste batzuk, euskaldunen historiako gertaerak gogoratzeko ekitaldi eta zeremoniak.
Urteko lehenengoa, datorren larunbatean izango da, Aberri Eguna, apirilaren 20an. Otordua bilduko du, honako menuarekin: pintxo tortilla, kazola eta postrea. Gaua alaitzeko etxeko dantzari txikiek eta ‘Gaztedi Zutik’ taldekoek euren koreografiak egingo dituzte. Horretaz gain, bisita berezi bat jasoko du Zazpirak Bat-ek Aberri Egunez. Rosarioko egonaldiaren baitan Anne Etchegoyen kantari baxenabartarrak bere errepertorioko abesti batzuk eskainiko ditu. Afarian parte hartzeko txartelak 80 pesotan daude salgai helduentzat eta 30etan txikientzat eta etxeko kide diren gazteentzat. Edariak ez daude barne. Erreserbak egiteko erakundeko idazkaritzara behar da jo.
Apirilaren 26an, berriz, Gernikako Bonbardaketaren 76. urtemuga gogoratuko da Rosarion. Euskal etxeak antolatu duen ekintza hiriko Gernika Plazan izango da, iluntzeko 7etan.
Maiatzaren 1ean, ostera, beste jai batean parte hartzera deitu du Zazpik. Biltzeko aitzakia San Prudentzio eguna izango da eta bazkari batekin ospatuko da. Menuaren prezioak hauexek dira: helduentzat $90; (6 eta 12 urte arteko) txikientzat $60; gazteen dantza taldekoentzat $60; eta txikien dantza taldekoentzat $20. Sarrerak aldez aurretik erosi behar dira, apirilaren 27ra arte, euskal etxeko idazkaritzan.
Gogora dezagun Zazpirak Bat-eko idazkaritza asteartetik larunbatera dagoela irekita arratsaldeko 5etatik gaueko 9etara eta komunikatzeko bideak hauexek direla: 421-7670 telefonoa edo zazpirakbatrosario@zazpirakbat.com.ar helbidea. Beste alde batetik, euskal etxetik jakinarazten dute ‘Euskaldun Hitza’ irratsaioa zuzenean entzun daitekeela Libertad Irratian, 1090 Khz frekuentzian, eta baita saioaren webgunean ere: www.palabradevasco.com.ar.
[Magdalena Mignaburu, Aritz Etxebarria, Anne Etchegoyen eta Fernando Lizarbe Donostian (argazkiaEE)]
Bukatzeko, bilera baten berri ere iritsi zaigu Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxetik. Martxoan Euskal Herrirako egindako bidaian erakundeko kide den Fernando Lizarbe eta Magdalena Mignaburu, Anne Etchegoyen eta Aritz Etxebarriarekin elkartu ziren Donostian. Afarian zehar, besteak beste Mendeurreneko Euskal Asteari buruz mintzatu ziren lagunak, baita Etchegoyenen aurtengo bidaia argentinarraz ere.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus