Donostia-San Sebastián. Uztailaren 5ean eta 6an, Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroen barruan “Euskal nortasunaren erronkak XXI. mendean” ikastaroa izan da Donostiako Miramar Jauregian. Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Telesforo Monzon Fundazioaren eta Sabino Arana Fundazioaren babesarekin, Iñaki Goirizelaia Ordorikak zuzenduta, hainbat esparru eta nazionalitatetako hizlari entzutetsuek hartu zuten parte, euskal nortasunari buruz hausnartzeko ekarpen anitzak eginez.
Sarrerako hitzaldia Joseba Sarrionandia idazleak eta Onintza Odriozola Irizarrek (UPV/EHU) eman zuten, eta ekin zioten, nazio eta identitate kontzeptuak problematizatzen, batez ere Euskal Herriaren kasuan. Euskal naziotasuna arrazarekin edo hizkuntzarekin lotzen duten eredu ezagunetatik harago, Sarrionandiak nazioa komunikazio esparru gisa aurkeztu zuen. Nazioarteko gonbidatuek ere euren txanda izan zuten, eta Eskozia, Georgia eta Kataluniako kasuak aztertu ziren.
Diasporari eskainitako blokea Imanol Galdos Irazabalek moderatu zuen. Lehenik eta behin, Peter Logek (George Washington University - Associate Director of the School of Media and Public Affairs) “The Basque identity from diaspora perspective” hitzaldia eman zuen. Ondoren, San Frantziskoko Anne Marie Chiramberroren (Hella Basque) txanda izan zen, euskal nortasunaren garapenari buruz EABn. Azkenik, Julieta Gaztañagak (Buenos Airesko Unibertsitatea - CONICET) Argentinako euskal nortasunaren garapena hartu zuen hizpide.
Ikastaroak asteazkenean jarraitu zuen, Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiaren presentzia eta hitzekin. Eta, kontrapuntu gisa, gazteek hartu zuten hitza, batez ere Iñaki Goirizelaiak jardunaldia amaitzeko koordinatu zuen mahai-inguruan. Euskal kulturaren zenbait arlo bertan izan ziren gainontzeko gonbidatuekin: Iñigo Albizuri (Mondragon Kooperatiba), Jon Maya dantzari eta koreografoa, Lorea Arakistain (PuntuEus), Igor Campillo (Euskampus) eta Naiara Goia (ArantzazuLab).
Askotariko ahotsak entzun ziren bi jardunaldietan zehar: etorkizunaren beldur, euskal identitatea gorde eta babestearen alde agertzen direnetatik, zerbait desagertzeko arriskuan dagoela ukatuz, eraldatu egiten diren euskal nortasunez (pluralean) hitz egiten dutenetaraino. Erronkak aipatu ziren: ez dira gutxi, ezta txikiak ere. Sarrionandiaren hitzetan, autokonplazentziazko diskurtsoak alde batera utzi behar dira, dena egiteke baitugu.
EHUko udako ikastaro guztiak bezala, hau ere bi modalitatetan eman zuten, aurrez aurrekoa eta online. Era berean, datorren astean “Bikaintasuna euskal ikasketetan XII” ikastaroa emango dute, bereziki Etxepare Euskal Institutuaren egungo/etorkizuneko irakurleei zuzenduta. Izen-ematea oraindik zabalik dago.