euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal musikariek kontzertua eman zuten Frankfurteko Museoen Festa jendetsuan, Irrati X saioak gonbidatuta

2007/08/29

Petti eta Rafa Rueda Main ibaiaren ertzean eman zuten kontzertuan (argazkia M.Petrus)
Petti eta Rafa Rueda Main ibaiaren ertzean eman zuten kontzertuan (argazkia M.Petrus)

PUBLIZITATEA

Milaka eta milaka bisitari bildu ziren joan den larunbatean Main ibaiaren ertzean Museums-Ufer-Fest jai erraldoiaz gozatzeko grinez. Hogei agertokitan banaturik, kontzertu eta ekitaldiak txandakatzen joan ziren asteburu osoan zehar, tartean euskal musikarienak, Hemendikan taldea eta Rafa Rueda eta Petti musikarien eskutik. Unibertsitateko euskara ikasleek egiten duten Irrati X saioak antolatu zuen emanaldia.
Rafa Rueda eta Petti musikariak eta Hemendikan talde euskalduna --partaideak Frankfurten bizi dira, ordea-- emanaldia eskaini zuten joan den larunbatean hiri alemaniar honetako Museoen festan. Ekitaldia oso kultur jaialdi jendetsua da eta hiru egunetan zehar ospatzen da Main ibaiaren ertzean. Museo dexente daude inguruan eta egun jakin hauetan ateak ireki egiten dituzte eta bisitariak doan hartu. Horrekin batera, kontzertuak eta bestelako ekitaldiak antolatzen dira ibaiertzean jarritako agertokietan eta urtetik urtera gero eta jende gehiago biltzen da. Aurten milioi lagundik gora ibili ziren bertan larunbatean bakarrik, antolatzaileen esanetan.

Euskaldunen kontzertuak Radio X emisoraren agertokian izan ziren. Emisora honek emititzen du Irrati X saio euskalduna, Goethe Unibertsitateko euskara ikasleek eta Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxea elkarteko kideek aurkeztuta. Radio X bere 10. urteurrena ospatzen ari da aurten eta bere baitango saio euskal-alemaniarrak kontzertu hau antolatu zion opari gisa.

Kantu klasikoak eta pop-rocka

Kontzertua arratsaldeko seietan hasi zen Frankfurteko Hemendikan taldearekin. Mercedes Perez euskara irakasleak (ahotsa) eta Aingeru Gorrotxategi mintza praktika irakasleak (ahotsa eta kitarra) osatzen dute taldea. Euskal kanta herrikoiek eta pop-rock abestiek osaturiko kontzertua eskaini zuten, ondoren etorriko zen emanaldirako giroa bero-bero utziz.

Jarraian Rafa Rueda eta Petti atera ziren oholtza gainera, jaialdian parte hartzeko Euskal Herritik propio etorrita. Kontzertua zortziak arte luzatu zen eta ikusle askok jarraitu zuten, euskal musikaz eta giro ezinhobeaz gozatuz. [Ezkerreko irudian Hemendikan taldearen emanaldiko une bat (argazkia M. Petrus)]

Jaialdiaren aurtengo edizioak euskal partaidetzari dagokionez beste berrikuntza bat ere izan zuen. Eusko Jaurlaritzak stand bat jarri zuen jaigunean, bertatik Euskal Herriko zenbait paraje eder ezagutzera eman eta turismoa bultzatzeko asmoz.


Lotura interesgarriak

Museums Ufer Fest 2007
www.museumsuferfest-frankfurt.de

Frankfurteko Unibertsitateko Euskal Liburutegia
http://titus.uni-frankfurt.de/basklib

Euskal kataluniar udako jaia Frankfurten, Hemendikan taldearekin
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko uztailaren 21ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia