euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal musika Yurumarekin eta Urrundik-eko dantzari txiki eta handien lan ederra Paraná-ko Gizataldeen 33. Azokan

2024/12/20

Urrundik Euskal Etxeko dantzarien belaunaldi ezberdinak Gizataldeen Azokaren 33. edizioan
Urrundik Euskal Etxeko dantzarien belaunaldi ezberdinak Gizataldeen Azokaren 33. edizioan

PUBLIZITATEA

Paraná, Argentina. Entre Ríos da, ziurrenik, migrazio-korronte gehien jaso zituen probintzia argentinarra. Horrek azaltzen du joan den asteburuan Paranan ospatu zen Gizataldeen Azokaren 33. edizioak bildutako partaidetza ugaria, komunitate mordoaren ordezkari. Antolatzaile, Paranáko Udala, Entre Ríoseko Unión de Colectividades eta Argentinako Gizataldeen Konfederazioa, eta gertalekua, Paranáko Portu Berria eta Mayo Sala Konplexuaren ingurua. Patio gastronomiko bat baitaratu zuen, kolektibitateen standak eta hainbat emanaldi kultural eta artistiko. Beste 30 talderekin batera, Urrundik Euskal Elkartea bertan izan zen eta dantza erakustaldia eskaini zuen, dantzari txikien eta helduen eskutik.

Kolaborazio lana indartu eta hiriaren kultur aniztasun aberatsa nabarmentzea helburu duen elkarretaratzea abenduaren 13an, ostirala, inauguratu zen. Ekitaldi instituzionalean Maitena Borrasek eraman zuen ikurrina, gainerako nazio partaideen banderekin batera erakusgai. Oholtza gainean, talde tradizionalistek eta komunitateen ordezkari ziren taldeek euren ikuskizunak eskaini zituzten; tartean, Yuruma taldea azpimarratuko dugu, egunerako propio prestatutako euskal eta argentinar musika errepertorioa jendaurretuz. Oscar "Pulga" Giles da taldeko burua, musikari paranatar beteranoa eta Urrundik taldeko kidea, eta, besteak beste, Joseba Gotzon euskal kantariarekin jo izan duena harek Argentinan egindako biretan.

 
Paranáko Gizataldeen Azokaren 33. edizioak joan den astean utzitako postalak

Larunbatean, berriz ere euskal kultura ikusgarri egin zen jendaurrean, oraingoan Urrundik taldeko dantzarien eskutik. EEko haurren dantza taldeak, Rocio Pereyra eta Renzo Villanuevaren eskutik, txalo ozenak jaso zituen Txulalai eta San Petrike Dantzarekin. Dantzari helduek ere laudorioak izan zituzten. Makil dantzarekin hasi ziren, ondoren Kaskarot eta Kontradantza dantzatu zituzten eta erakustaldia Fandango batekin itxi zuten. Aurtengo edizioan inoiz baino partaide gehiago bildu dituen Azokaren 33. edizioa gauerdian amaitu zen, eta, aurten ere, kultura ugariren koloreak, zaporeak, tradizioak eta artea ezagutzeko eta disfrutatzeko aukera eman zuen.

Aupa Urrundik eta Yuruma!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia