Gilette, Wyoming, AEB. Giletten egoitza duen Rockpile Museum-ek omenaldia eskainiko dio aste honetako ostiral eta larunbatean, maiatzaren 5 eta 6an, Wyoming-en tradizio sustraitua duen artzaintzari eta ardi industria eta kulturari, eta 2nd Annual Powder River Basin Sheeperder's Festival edo 'Powder Ibaiaren Arroko Artzain Besta' delakoa gauzatuko du. Bertako artzaintza aipatzerakoan, ezinbestekoa da euskal artzainak aipatzea eta, izan ere, Buffaloko 'Big Horn Basque Club' Euskal Etxeak protagonismo berezia hartuko du programan. Parte izango dira baita ere kultura eskoziarra eta ketxua/Perukoa.
Jaialdia doakoa izango da eta bi egunetan garatuko da 9:00etatik 16:00ak arte, bertako hainbat euskal kultur adierazpen tarteko. Eskoziar eta euskaldunak XX. mende hasieratik topatuko ditugu bertako artzaintzari lotuak eta, egun zinez murriztu bada ere, azken hamarkadetako artzaintzako parte dira ketxua kulturako artzainak. Programak gaita eta danbor banda eskoziarren musika, eta hitzaldi bat peruar/ketxua emigrazioari buruz iragartzen ditu, baita artzain-zakurren erakustaldiak euskal artzainak tarteko.
Buffalotik iritsitako euskal tropa
Hitzorduari inguruko euskaldunek egingo dizkioten ekarpen zabalak baitaratuko ditu, besteak beste, olerkiak, kantu eta poemak eta ipuin kontalaritza, David Romtvedt-en eskutik; Buffaloko Zaharrer Segi euskal dantza taldeen ikuskizuna; sukaldaritza eta lukainka bezalako gutizien prestaketa, Big Horn Basque Clubeko sukaldari bolondresen eskutik, eta orokorrean euskal musika eta animazioa jaialdiak iraungo dituen bi egunetan.