euskal diaspora eta kultura
2013/05/02
PUBLIZITATEA
Rosario, Argentina. Euskal Herriko musika eta tresnen ‘tailer-ensamble’ ibiltaria da Valeria Magliocchetti musikari rosariotarraren proposamena. “Tailerra, ibiltaria da leku finko batean ematen ez dudalako. Ni ez naiz euskal etxe jakin batekoa. Erakunde batetik deitzen didatenean, hara joaten naiz eta eskolak prestatzen ditut jendearen interesa zein den ikusiz. Horrek maiztasuna baldintzatzen du. Modalitate honetako tailerrek frekuentzia finkorik ez dute, beraz malguagoak dira zentzu horretan ere”, azaldu dio Valeria Magliocchettik EuskalKultura.com-i.
‘Tailer-ensamble’aren beste berezitasun bat duen helburua da. “Eskola modalitatea tailerra da, esan nahi baita taldeka eta bakoitzak nahi duen tresna jotzen ikasten du. Baina azken xedea denok elkarrekin jotzea da. Eta horregatik elkarretaratze guztien amaieran elkarrekin jotzen dugu. Aurreko beste proiektu batzuetan, jendeak ikasi izan du eta gero besteekin jotzea, aukera besterik ez zen. Orain, ordea, tailerraren asmoa ‘musika talde’ bat sortzea da, aberasgarriagoa baita besteekin aritzea. Eta denon artean, pieza bat interpretatzea. Eta gainera, ahal bada, egiten dugun musikarekin dantzariak laguntzea”, argitu digu musikariak.
Gonbitea non, musikaria han
Momentu honetan hiru erakundetan ematen ari da tailerrak Valeria Magliocchetti. Buenos Aires hiriburuko Eusketxe-Eusko Kultur Etxean eta Nafar Etxean; eta San Nicolaseko Euskal Etxean.
Eusketxeko tailerra 2012an hasi zen eta aurten jarraituko du. Helduei dago zuzenduta eta ikasten diren tresnak, txistau, panderoa, redoblantea, txalaparta eta alboka dira. Elkarretaratzeak bi hilabetean behin egiten dira, Mexiko kaleko 1880. zenbakian.
[Lizarraenean ere ematen du bere tailerra Valeria Magliocchettik. Argazkian Eusketxeko pandero jotzaile eta albokariarekin (argazkiaEE)]
Moreno kaleko Buenos Aireseko Nafar Etxean burutzen ari den tailerra ere 2012an hasi zen, baina doi-doi urte amaieran. Horregatik bigarren topaketa, joan den apirilaren 20an izan zen. Ekintza etxeko gazteei dago zuzenduta eta txistua, atabala, panderoa eta txalaparta jotzen irakasten du Valeriak..
[Buenos Aireseko Nafar Etxeko gazteen artean arrakastatsua izan da proposamena. Hurrengo topaketa ekainean izango dute (argazkiaEE)]
San Nicolaseko Euskal Etxean 2011tik arduratzen da Magliocchetti musika eta dantza irakasteaz. Buenos Aires probintziako erakunde honetan ume, gazte eta helduek hartzen dute parte tailerretan eta eskolak hilabeteko bigarren eta laugarren ostiraletan burutzen dira.
Irakaslearen jardunbidea
Valeria Magliocchettik Rosarioko Nafar Etxean hasi zuen euskal musikan sakondu eta espezializatzera ekarri zuen bidea. Bertan dantza eta musika eskolak hartu eta txistua jotzen ikasi zuen. Ondoren, 2008an, Gaztemundu programaren baitan, Euskal Herrira joan zen bereziki musikariei zuzendu zitzaien edizio batean eta euskal tresnei buruzko bere ezagutza adituen eskutik osatu zuen. Esperientzia honekin, dantza eta musika tailerrak hasi zen antolatzen euskal etxeetan, Rosarioko Zazpirak Bat-en esaterako. Gaur egun, Rosarioko Musika Eskola Probintzialeko irakasle da, pianoan espezializatuta. Horretaz gain, Rosarioko Unibertsitatean titulua lortutako psikologoa da Valeria Magliocchetti. Musika irakaskuntzaz aparte, jarduera handia dauka musikaren bidezko laguntza terapeutikoan.
Bere lana jakinarazteko web-orri bat sortu du Valeriak aste honetan eta hori da berarekin kontaktatzeko aukeretako bat. Webgunea bisitatzeko, jo hona. Beste alde batetik, Facebook-en ere dago 'Valeria Magliocchetti' izenpean. Emailez bidez kontaktatzeko, berriz, helbide honetara: valeizar@hotmail.com.
-Valeriaren webgunea: http://valeizar.wix.com/taller-musica-vasca
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus