euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal musika, dantzak eta historia Argentinan La Platako Villa Elisan burututako Goizuetarren 4. Topaketan

2011/12/19

Haritzaren gerizpean egin zuten Goizuetarrek familiaren argazkia
Haritzaren gerizpean egin zuten Goizuetarrek familiaren argazkia

PUBLIZITATEA

Joan den azaroaren 26an Juan Angel Goizueta eta Gracia Mariezcurrena bikotearen ehun bat ondorengo elkartu ziren Villa Elisako Cabaña El Rincon-en. Laugarren topaketa honetan, 2001. urtetik hona bilaketei esker aurkituz joan ziren Goizueta eta Mariezcurrena senar-emazte nafarren ahaideak bildu ziren; lehenengo topaketa egin zenetik hamarkada pasa eta gero, euskal giroa inprimatu nahi izan zioten antolatzaileek festari. Ikurrinek, euskarak eta Buenos Aireseko Ekin Dantzari taldearen dantzek bermatu zuten Euskal Herriko kulturaren presentzia jaian.

Villa Elisa, Argentina. “Aurtengo topaketara etorriko ziren guztiak euskal kulturan murgiltzea nahi genuen”, adierazi zuen bileraren antolatzaileetako bat den Fernanda Goizuetak. “Kari horretara, oroigarriak, apainketa bereziak eta euskal dantzak eskaini genizkien parte hartu zutenei”.

Eta hori izan zen azaroko azken larunbatean gauzatu zen Goizueta familiaren 4. topaketaren ezaugarri nagusia. Izan ere, Argentinako banderez gain, ikurriñak ere ikusi ahal izan ziren elkargunean eta, hormetan zintzilik, familiaren zuhaitz genealogikoa eta armarriak. Euskarak ere izan zuen bere lekua. “Ongi Etorri” hitzak euskaldunen hizkuntzaz eta euskal grafiaz idatzia oso deigarriak suertatu zitzaizkien bildutako lagunetako askori.

Horretaz gain, ahaide bakoitzari opari batzuk eman zitzaizkien festa bukatzean, tartean, 2007ko III. Topaketaren argazkiak eta arbasoen jaioterrien bideo batzuk biltzen dituen CD bat, Euskal Herriko kulturari buruzko bi liburuxka, eta zapi gorriak. Arratsaldea alaitzeko eta gonbidatuak dantzarazteko, Aitor Alavak zuzentzen duen Ekin Dantzari Taldeak euskal koreografia batzuk egin zituen eta dantzariek publikoa animatu zuten haiekin dantzatzera.

“Ehun baino gutxiago izan baginen ere, Felipe Rosales Goizuetak, Sebastián Glessner Goizuetak eta hirurok jarraituko dugu topaketa hauek bultzatzen, uste dugulako senideen arteko harremanak sendotu behar ditugula”, azaldu zuen Fernanda Goizuetak.

“Beste alde batetik, aipatu behar ditugu Euskal Herritik jasotako agurrak. Goizueta herritik Carlina Lujambio Goizuetak agindu zigun familiaren informazio gehiago bilatuko zuela eta Juan Antonio Lekouna Salaberriak ohartarazi zigun azaroko azken larunbatean – topaketa egiteko guk aukeratutako data, alegia – Goizueta herrian abeltzaintza eta nekazaritza arloetako produktuen erakusketa gauzatzen dela, Nafarroako Erregek herriari emaniko probilegio baten arabera. Eta agian ez da kasualitate hutsa…!”, iradoki du Goizuetak.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia