euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal musika, dantza, txalaparta, sukaldaritza tailerrak Mallorcako Euskara Barnetegiaren aberasgarri

2013/06/24

Euskara Barnetegiko euskara klaseetako bat (argazkia MEE)
Euskara Barnetegiko euskara klaseetako bat (argazkia MEE)

PUBLIZITATEA

Arrakastaz eta bizi-bizi joan da aurten ere Mallorcako Artea Euskal Etxeak antolatu duen asteburu bateko Euskara Barnetegia, aurrekoek bezala Mallorcan 48 orduz euskaraz bizi eta euskal hizkuntza eta kultura landu, praktikatu eta biziaraztea helburu zuena. Parte hartu dutenen artean, bertako ikasle eta irakasleekin batera, Kinku Zinkunegi HABEko irakasleak, Donostiatik; Madrildik Ane Bastida irakasleak eta hiru ikaslek; Gorka Salas Iruñeko txalapartariak eta, Bordeletik, Ander Salazar dantzariak, bakoitza bere arloko tailerren emaile. "Pozik gaude lortutako emaitzekin", aitortu dio EuskalKultura.com-i Manoli Korta Mallorcako euskara irakasle eta arduradunak.

Mallorca, Illes Balears. Mallorcako euskal etxeak urtean zehar kultura arloan antolatzen duen ekitaldi eskaintzaren barnean behar da kokatu Euskara Barnetegia, hizkuntza eta beste hainbat kultura adierazpide uztarturik. Apirilaren 27 eta 28an garatua, hamasei partaide bildu zituen euskararekin batera besteak beste dantza, txalaparta, gastronomia eta ororen buru giro euskaltzalea partekatzeko.

Euskara mailaren arabera bi talde eratu ziren, beheko eta erdikoak, eta eguraldi txarrak gehiegi lagundu ez bazuen ere, ikasleen ikasteko eta irakasleen partekatzeko gogo biziak giro bikaina sorrarazi zuen. Ikasleen artean mallorcarrak eta bertan bizi finkatutako euskal herritarrak zeuden, baita, esaterako "euskaldun batekin ezkonduta hemen bizi den holandar bat ere".

Irakasleen artean, bertakoez gain, aritu ziren tailerren emaile Kinku Zinkunegi HABEko irakasle eta teknikaria Donostiatik etorria; Madrildik, Ane Bastida irakaslea, hiru euskara ikasleren espedizio bateko buru; txalaparta tailerreko gidari Gorka Salas iruinsemea, eta dantza irakasle, aurretik Mallorca ibilitako baina egun Bordelen bizi den Ander Salazar.

Mallorcako Artea Euskal Etxeak euskara, txalaparta, abesbatza, trikitixa, musika eta beste hainbat tailerren eskaintza egiten die urtean zehar bere bazkideei eta bertako biztanleei. Egunotan, San Juanak direla eta txango baterako deia egin zuen, irlan bertan dagoen Behatoki Astronomikoa bisitatzeko, trikitilariak ere egunaren alaigarri, hau guztia bazkide duen pertsona batek bertan dituen ezagutzak baliatuz, hitzaldi bat eta behatokiko kupula zabaltzea barne.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia