euskal diaspora eta kultura
2009/05/25
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Marga d'Andurainen bizitzak Hollywood filme baterako emango luke, baina errealitateak fikzioa gainditzen duen kasu horietako bat da berea. Cristina Morató kazetariak hitz batez definitzen du, 'abenturazalea', eta Margak 'gaztetandik izan zuen abenturazaletasun hori bere euskal jatorriari' egozten ziola eta 'antzina aberastasun bila itsasotan barrena joaten ziren kapitain adoretsu haien ondorengoa' sentitzen zela dio.
Marga Baionan jaio zen 1893an, Maxime Clérisse epailearen eta Marie Diriarten alaba gazteena. Lapurdiko burgesia aberatseko kide zen eta txikitandik erakutsi zuen izaera sutsua eta arau eta konbentzionalismoen aurkako mespretxua. Hamazortzi urtekin bera baino hamabi urte zaharragoa zen Pierre d'Andurain lehengusuarekin ezkondu zen eta elkarrekin Europa eta Ekialdi Hurbilean barrena ibili ziren, orduko aberatsek egiten zuten bezala. Argentinara joan eta hazienda bat gidatzen saiatu ziren, baina sekulako deskalabrua izan zen eta Europara bueltatu ziren. 'Ordurako Margak oso argi zuen senar zalantzatia zuela eta berak egin beharko zuela negozioen kargu', azaltzen du Moratók.
Palmirako erregina
1925an, aitaren herentziarekin, bikotea Egiptora joan zen eta bertan Margak apaindegi bat ireki zuen. Jacques haren semeak Cristina Morató-ri azaldu dionez, apaindegia Intelligence Service edo britaniar espioitza zerbitzuarentzat egiten zuen lanaren estalkia baino ez zen. Hogeigarren hamarkadan El Cairo espioi eta aberatsez josita zegoen eta d'Andurain-go kondeek --horrela aurkezten ziren-- gizarte bizitza zirraragarria zeramaten. Apaindegian 'egipziar aberatsak, britaniar ofizialen emazteak eta errege-familiako kideak ere ibiltzen ziren, hala nola Fuad I-aren emaztea, Nazli Sabri sultana, eta begi berdedun printzesa ederra, Fawzia, Persiako Sha-aren lehen emaztea izango zena', dio Morató-k.
Kondesaren zortea aldatzen hasi zen W. F. Sinclair maiorrak, Palestinan britaniar espioitza zerbitzuko buruak, Palestinara, Lurralde Santuetara eta Siriara bidaia egiteko gonbitea egin zionean. Margak onartu egin zuen --eta berarekin erromantze bat izan zuen-- eta frantziar agintariek britainarren espioi etiketa jarri zioten. Bidaia Palmiran bukatu zen eta Marga lekuarekin maitemindu egin zen: 'Lurralde ezezagun honetako alaba bezala sentitu nintzen', zioen. 1930ean Margak hiriko hotel bakarra erosi eta Zenobia Hotela izena eman zion, erromatarren aurka borroka egin zuen erreginaren ohoretan. Hotela euskal estiloko altzariekin dekoratuta zegoen --eta dago, egundaino.
Lehen emakumea Mekan?
1933an Margak plan burugabe bat asmatu zuen: Mekako hiri santuan sartzen zen lehen emakumea bera izango zen. Horretarako, senarraz dibortziatu eta Soleiman el Dekmari izeneko beduino batekin ezkondu zen, bidaia berarekin egiteko. Yidda hirian iruzurraz ohartu eta gobernadoreordearen harenean atxilotuta eduki zuten, senarrak peregrinazioa egin eta bueltatu arte. Bertan egon zen bitartean Margak 'fandango, vals eta charleston' pausoak erakutsi omen zizkien hango emakumeei. Baina Soleiman erail egin zuten bidean eta Margari leporatu zioten horren ardura. Yiddako kartzelan harrikatuta hiltzeko zorian egon zen, baina Frantziako kontsulak salbatu eta Frantziara alde egin behar izan zuen 1933ko uztailaren 15ean.
Urtebetez Parisen erbesteratuta egon ostean Marga Egiptora bueltatu eta Pierre senar ohiarekin ezkondu zen berriz. Zorionak gutxi iraun zien baina: d'Andurain kondea Zenobia hoteletik gertu erail zuten. 1937an Margak Siria betirako utzi zuen eta Bigarren Mundu Gudan naziek hartutako Parisen bizi izan zen Jacques semearekin. Bizimodua nolabait ateratzeko Margak opioarekin trafikatzen zuen; Jacques semea Erresistentzian buru-belarri ari zen bitartean. Frantzia askatu zutenean Kostalde Urdinera joan zen bizitzera, baina hilabete batzuk beranduago Nizan atxilotu zuten, Raymond Clérisse ilobaren erailketa leporatuz. Frogarik aurkitu ez eta aske utzi zuten.
1948ko azaroaren 5ean Marga d'Andurain kondesa Tanger-en erail zuten, Djeilan izena zuen bere belauntzian. 50 urte beteak zituen, baina abentura berri bati ekitekotan zegoen: Kongon urrea erostea. Bere hiltzailea, Hans Abele, Gestapoko agente ohia zen.
Liburua (gazteleraz) internet bidez Elkar liburudendetan erosteko, jo hona.
Kondesaren bizitzaren beste bertsio bat, Mikel Rodríguez-en eskutik, hemen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus