Bartzelona, Katalunia. Literaldiaren 2023ko edizioa abian da Bartzelonan. Hiriko Euskal Etxea antolatzaile, urtero eskaintzen du hiriburu katalanean euskal literaturari loturiko programa zabal bat hainbat hitzaldi, kontzertu, debate, ikuskizun eta topaketak egileekin tarteko, beti ere Sant Jordi egunaren, alegia apirilaren 23aren inguruan, Liburuaren Nazioarteko Egunaren aitzakian. Antolatzen lankide, Drassanesko Hizkuntza Eskola Ofiziala (HEO), Bartzelonako Unibertsitatea (UB) eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa (UAB) eta Centelles Liburutegia, besteak beste.
Jaialdia ostegunean hasi zen eta maiatzaren 5era arte luzatuko da, honako programaren arabera:
Apirilak 19, asteazkena
"Gorbeia menditik Bony de Salòriara batzen gaituen toponimia", Blanca Urgell Euskal Filologian doktorearen hitzaldia. Arratsaldeko 6.30etan, Bartzelona-Drassanes HEOn
Apirilak 22, larunbata
Euskararen 30. urteurrena HEOn
30 urte bete dira euskara Bartzelona-Drassanes Hizkuntza Eskola Ofizialaren eskaintza akademikoan sartu zenetik, eta, ospatzeko, ikasle ohien eta gaur egungoen bilera antolatu dute, "ikasitakoa praktikan jartzeko, euskal literaturaz gozatzeko eta ondo pasatzeko". Hitzordua, gaueko 8etan.
Apirilak 24, astelehena
Begirada feministak: Mari Luz Esteban eta Mireia Sallarès solasean
Mari Luz Esteban poeta eta antropologo euskalduna eta Mireia Sallares artista bisual katalana maitasunaz arituko dira begirada feminista batetik poesiak, filosofiak, antropologiak eta ikusizko arteek zeharkaturiko solasaldian, Genero Ikasketetako Minor-aren koordinatzaile Begonya Saezek moderatua. 13:00, UABeko Cinema Aretoan.
«Andrezaharraren manifestua» Irakurle Kluba
Arratsaldeko 7etan, Euskal Irakurketa Klubaren saio berezia Agustí Centelles Liburutegian. Bertan, "Andrezaharraren manifestua" liburua landuko da, Mari Luz Esteban egilea partaide.
Apirilak 26, asteazkena
Literatura eta gatazka armatuei buruzko jardunaldia
Goizeko 10etatik 20etara, hiru bloketan, beste hainbeste solasaldi eta debate literaturaren eta gatazka armatuen gaiari buruz, Bartzelonako Unibertsitateko Filologia eta Komunikazio Fakultateko Josep Carner eraikinean.
Maiatzak 5, ostirala
Luisa Etxebarria poeta euskal-katalanaren poesia errezitaldia
Bertsoekin batera, ardo dastaketa ere egingo da. 20:00, Euskal Etxean.
Gogora dezagun Literaldia 2023 joan den ostegunean hasi zela Anariren “De canciones y musgo” ikuskizunaren bi emanaldirekin. Anari euskal kantari eta konpositoreak eskaini zuen hitzaldi-errezitaldia, eguerdian UABko Cinema Aretoan eta arratsaldean Agustí Centelles Liburutegian. Biharamunean, Euskal Etxearen egoitzan, “Jocs florals”, Euskandaloren ikuskizun berezia eskaini zen..
Ekitaldi guztiak, HEOren urteurrenarena izan ezik, doakoak dira eta sarrera librekoak lekua bete arte.
BARTZELONAKO EUSKAL ETXEA - EUSKAL ETXEA DE BARCELONA
-Webgunea: https://euskaletxea.cat
-Facebook: https://www.facebook.com/Euskaletxea
-Twitter: https://twitter.com/euskaletxeabcn
-Instagram: https://www.instagram.com/euskal_etxea_bcn
-Emaila: kultura@euskaletxea.cat