euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal literaturak eta bertsolaritzak leku berezia izango dute ekain hasiera honetan Madrilen

2014/06/02

"Bertsolari" filma ikusgai izango da Mataderon ekainaren 9 eta 10ean
"Bertsolari" filma ikusgai izango da Mataderon ekainaren 9 eta 10ean

PUBLIZITATEA

Ekainak euskal kultura eramango du Madrilera, Etxepare Euskal Institutuak antolatu dituen ekitaldiei esker. Asteazken honetan, ekainaren 4an, euskal literatura eta itzulpengintzari buruzko mahaingurua egingo da Madrilgo Liburu Azokan, Josu Zabaleta, Karlos Cid, Karmele Jaio eta Rikardo Arregirekin. Ondoren, ekainaren 9an, ahozko literatura izango dute hizpide Xabi Payak eta Asier Altuna zuzendariak eta ekainaren 9 eta 10ean Asier Altunaren "Bertsolari" (2011) dokumentala eskainiko da Mataderoko Zinematecan, zuzendaria bertan partaide.

Madril, Espainia. Etxepare Euskal Institutuak aditzera eman duenez, datozen egunetan euskal literaturak leku nabarmena izango du Madrilgo kultur-agendan. Madrilgo Liburu Azokaren baitan egingo da aurreneko ekitaldia, asteazken honetan, Etxepare eta Euskadiko Editoreen Elkarteak antolatuta: itzulpengintzari buruzko mahaingurua egingo dute Josu Zabaleta itzultzaileak, Karlos Cid, itzultzaile eta Konplutense unibertsitateko irakasleak eta Karmele Jaio eta Rikardo Arregi idazleek. 

Bigarren jarduera ekainaren 9an egingo da, Matadero Madril Kulturguneko "Casa del Lector" aretoan, Bertan Xabier Paya bertsolari eta itzultzaileak “Antología Oral Vasca-Euskal ahozko literaturaren Antologia-Anthology of Basque oral literature” liburua aurkeztuko du. Etxepare Institutuak hiru hizkuntzatan argitaratu duen lan honek euskal ahozko literatura aztertzen du, genero desberdinetan sakonduz. 

Solasaldi honetan Payarekin batera izango da Asier Altuna zinemagilea. Altunak "Bertsolari" dokumentala zuzendu zuen 2011n eta euskal kulturan jarraitzaile andana duen ahozko arte honi buruz ariko da. Mari Jose Olaziregi, Etxepareko Euskararen Zabalpenerako zuzendaria moderatzaile izango da.

Amaitzeko, ekainaren 9 eta 10ean Asier Altunaren “Bertsolari” dokumentala emango da ikusgai Matadero Madrid Kulturguneko Cineteca-n. Zuzendaria bertan izango da filma aurkezteko eta emanaldiaren ostean ikusleen galderei erantzuteko. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia