euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal literatura beste hizkuntzetara: Katixa Agirre danierara, Bernardo Atxaga albanierara eta Eider Rodriguez katalanera

2019/10/21

Betse hikuntzetan ere argia ikusi duten euskal literatura lanok
Betse hikuntzetan ere argia ikusi duten euskal literatura lanok

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Hiru euskal literatur izenburu berri topa ditzake nazioarteko plazara ateratzen den literaturazaleak: Katixa Agirreren 'Atertu arte itxaron' eleberria danieraz ere irakur daiteke orain; Bernardo Atxagaren 'Soinujolearen Semea' albanieraz, eta Eider Rodriguezen 'Bihotz Handiegia' ipuin-bilduma katalanez, itzulpen horiek egin zitezen laguntza eman duen Etxepare Euskal Insitututik adieraz dutenez.

Ane-Grethe Østergaard itzultzaileak eraman du hizkuntza daniarrera Katixa Agirreren 2015. urteko 'Atertu arte itxaron' liburua. Eleberriak bikote batek Euskal Herrian zehar egiten duen bidaia kontatzen du, road movie tankerako narrazio batean. Argitaratutako urtean bertan Akademia Saria irabazi zuen lan honek, eta dagoeneko, danieraraz gain, gaztelaniara ere itzuli da, tartean. Aurora Boreal argitaletxeak atera du liburua danieraz.

Pau Joan Hernàndez izan da, bestalde, Eider Rodriguezen ipuin bilduma katalanera itzultzearen arduradun, eta argitaletxea, berriz, Bartzelonan egoitza duen Edicions del Periscopi. Rodriguezen lanak 2017an ikusi zuen argia eta sei ipuin biltzen ditu, liburuari izenburua ematen dion 'Bihotz Handiegia' izanik lehena eta luzeena. Bilduma gaztelaniara itzulia izan da dagoeneko.

Soinujolearen Semea-k, azkenik, itzulpen-ibilbide luzea dauka, dagoeneko irakur baitaiteke: ingelesez, suedieraz, bulgarieraz, frantsesez, danieraz, italieraz, alemanieraz, errusieraz eta galizieraz, besteak beste. Zerrenda horri albaniera gehitu zaio oraintsu, Bashkim Shehu autorearen eskutik. 2003an argitaratutako eleberri honek Joseba eta David lagunen gorabeherak kontatzen ditu, 1930eko hamarkadatik XXI. mendera arte, Euskal Herriko gatazkaren giroan.

Hamabost izan ziren 2018an itzulpenak egiteko Etxepare Euskal Institutuaren diru-laguntzak jaso zituzten proiektuak eta euretatik, hiru hauen aurretik batzuk argitaratu dira eta beste batzuk 2019 abenduaren 31aren aurretik dira plazaratzekoak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia