euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako Euskal Liburutegien X. Bilera larunbat honetan egingo da, La Platako Euskal Astean

2008/10/29

Necocheako Euskal Astean egin zen Liburutegien Bilkuraren irudia (argazkia EuskalKultura.com)
Necocheako Euskal Astean egin zen Liburutegien Bilkuraren irudia (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Argentinako Euskal Etxeen Liburutegien Sareak lan handia egin du azken hamar urteotan eta urteroko Bilerei esker liburutegiek harremanak indartu eta ekimen amankomunak jarri dituzte abian. Lankidetza hau 1998ean hasi zen, Mar del Platako Euskal Astean, eta emaitza oparoak izan ditu. 'Bagenekien ez zela erraza izango, baina oztopoei aurre egin genien eta gaur egun 20 liburutegitako ordezkariak biltzen gara. Datorren bilerarako 30 izatea espero dugu', azaldu dio EuskalKultura.com-i La Platako María Fernanda Astigarraga La Platako Euzko Etxea-ko liburuzainak. Hamarkada honetan taldeak ekimen asko sustatu ditu, horien artean FEVAk koordinatzen duen Argentinako Euskal Liburutegien Sarea. X. Bilera larunbatean egingo da, La Platako Euzko Etxea-ko Matxin Burdin Liburutegian.

La Plata, Argentina. 'Azken hamar urte hauetan, bilerekin hasi ginenetik, gure helburua liburutegiek elkar ezagutu eta harremanetan egotea izan da', ezaldu dio María Fernanda Astigarragak Euskalkultura.com-i. 'Ibili behar genuen bidea luzea zela bagenekien arren, gauza dexente lortu ditugula uste dugu, besteak beste, euskal etxeetako liburutegien materiala bildu, ekimen amankomunak gauzatu, materiala eta eskarmentua trukatu, liburutegi berriak bultzatu... Zerrenda elektroniko bat daukagu ekintzak zabaltzeko eta FEVAren laguntza eta kudeaketarekin Argentinako Euskal Liburutegien Sarea sortu dugu. Sarearen bidez, hamasei liburutegiren informazioa biltzen duen Katalogo Kolektibo bat egin genuen eta hor 10.657 ale (liburu, albistegi, CD eta bideoen datuak) daude sartuta'.

Euzko Etxea-ko Matxin Burdin liburutegiko arduradunak La Platako bileran jorratuko dituzten gaiak aurreratzen dizkigu. 'Hamargarren bilera honetarako CD bat prestatzen ari gara gidaliburuak eta inkestak, biltzarretan aurkeztu genituen lan guztiak eta bileren txostenak bilduz. Egiten dugun lana gordetzea da gure asmoa; daukaguna babestu nahi dugu,etorkizuneko lanaren oinarria izan dadin'.

Helburu horri jarraituz, joan den abuztuan bilerako arduradunek deialdia egin zieten Argentinako euskal etxeei liburutegi erreferente bat izendatzeko. Dagoeneko erreferente hori aukeratuta daukaten euskal etxeek, haien datuak (izena eta helbide elektronikoa) eta presentzia baieztatu behar dute, bileraren prestakuntza ahalik eta ondoen egin ahal izateko.

BILERAREN EGITARAUA

- 08.30etan: Akreditazioa eta material banaketa.

- 09.00etan: Ongi etorria, Alfredo Larrañaga Euzko Etxea-ko Liburutegiko azpibatzordeko presidente eta Luciano Etchepare FEVAko Argentinako Euskal Liburutegien Sareko koordinatzailearen eskutik.

- 09.30etan: Argentinako euskal liburutegien ekintza kooperatibo desberdinak gogoratuz. CD aurkezpena. María Fernanda Astigarraga liburuzaina, Euzko Etxea-ko Liburutegiko azpibatzordea - FEVAko Argentinako Euskal Liburutegien Sareko aholkularia

- 10.00etan: Liburutegietan baliabideak nola garatu. CD aurkezpena. Gladys Medina liburuzaina. Euzko Etxea-ko “Matxin Burdin” Liburutegia.

- 10.30etan: Komunitate ireki batentzako bestelako ekintzak, Nerea Grassi liburuzaina. Bahía Blancako Unión Vascako “Joxe M. de Barandiarán” liburutegia.

- 11.00etan: Erregistro osoko katalogo kolektiboa dakarren CD baten aurkezpena eta Euskal Liburutegien Sarearen gaurko egoera. Luciano Etchepare liburuzaina, FEVAko Argentinako Euskal Liburutegien Sareko koordinatzailea.

-11.30etan: Kideen esperientzien aurkezpena: material osoa sartu zuten kideen esperientzia, oraindik materiala sartzen ari direnarena, oraindik matariala sartu ez dutenena baina informazioa bidali dutenak, eta oraindik informazioa sartu ezin izan dutenena. Erabilitako lan modelitateak eta oztopoak.

- 12.30–13: Amaiera.

Euskal Astean zehar liburutegiekin lotuta dauden beste ekintza batzuk:

- Urriaren 27tik azaroaren 1 arte, goizeko 8etatik, arratsaldeko 8etara: Eusko Ikaskuntzak dohaintzan emandako liburu bildumaren erakusketaren inaugurazioa. Lekua: La Platako Unibertsitateko Liburutegian (Rocha Plazan, 7 eta 60 kaleetan).

- Azaroaren 1an, 14:30-16:00: Umeentzako jolasak eta dibertimendu ekintzak. Euskal Etxeko liburutegian (14 eta 58 kaleetan).



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia