euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Liburutegiak topaleku' kanpaina medio kulturen arteko integrazioa bultzatuko du Eusko Jaurlaritzak

2008/10/28

'Liburutegiak Topaleku' ekimenaren aurkezpena, Bilboko San Frantziskoko liburutegian
'Liburutegiak Topaleku' ekimenaren aurkezpena, Bilboko San Frantziskoko liburutegian

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak ekimen berritzailea abiatu du 'Liburutegiak Topaleku' goiburuarekin. Egun Euskal Herrian bizi diren kultura ezberdinen integraziorako balioko du proiektu honek, aniztasuna, berdintasuna eta tolerantzia bezalako balioak gizartean eta etorkinen artean bultzatuz. Ekimen hau kultura-aniztasunaren kontzeptuan oinarritzen da, eta, horri jarraiki, hainbat liburu, aldizkari eta komunikabide inportatuko dira Euskadin bizi diren etorkinen jatorriko herrialdeetatik.

Bilbo, Bizkaia. 'Liburutegiak Topaleku' izenburua duen proiektua abiatua du Eusko Jaurlaritzak, liburutegiak sustatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan gaur egun elkarrekin bizi diren kultura guztien integraziorako gune gisa, zenbait balioren (hala nola berdintasuna, tolerantzia eta aniztasuna) sustapenetik hasita. Urriaren 15ean aurkeztu zen ekitaldian hainbat agintari eta kultur ordezkarik hartu zuten parte. 'Liburutegiak Topaleku' lemapean, ekimen hau kultura-aniztasunaren kontzeptuan oinarritzen da, eta, horri jarraiki, hainbat liburu, aldizkari eta komunikabide inportatuko dira Euskadiko etorkinen jatorriko herrialdeetatik, arabiar, errumaniar eta txinatar jatorriko herrialdeetatik bereziki, Euskadin bizi diren etorkin gehienak handik datozela kontuan hartuta.

Horren haritik, fondo bibliografiko, dokumental eta bisualak handitu nahi dira, aipaturiko jatorria duten aleekin eta dagozkien hizkuntzetan. Azken helburua honako hau da: etorkinek liburutegietan zerbitzu publiko interesgarria aurkitzea, hots, etorkinek liburutegietan nork bere kulturaren agerkariak (literatura, informazioa eta abar) eskuratzeko aukera izatea, eta aldi berean gizartea osatzen dugun gainerako herritarrekiko batasun-loturak sustatzea. Hori horrela izanik, Eusko Jaurlaritzaren Liburutegi Zerbitzuak ‘Munduko egunkariak’ programaren lizentziak erosi ditu, eta hastapen honetan sei liburutegitan ezarri, mundu osoko 200 egunkari baino gehiago eskuratzeko eta inprimatzeko aukera emanez. Hala, etorkinek beren jatorriko tokietako prentsa irakur dezakete, baita paperean ere. Helburua liburutegi-zerbitzuak etorkinen kolektibo guztien premia eta interesetara egokitzeko esku-hartze programa diseinatzea da, etorkinak gizartera daitezen lortzeko xedearekin.

Bide honetan, bederatzi hizkuntzatan (euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, portugesa, errumaniera, errusiera, arabiera eta txinera) idatziriko 'Hurbildu' Zerbitzu Gidak liburutegietan eskaintzen diren zerbitzu eta jarduerak azaltzen ditu. Agerkari horrek ahalbidetuko du liburutegi-zerbitzuak etorkinen kolektiboetara helaraztea, eta profesionalentzat ere lagungarri izango da, zerbitzu horien nondik norakoak azaltzeko eginkizunean.

Lotura interesgarriak

Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzua
www.kultura.ejgv.euskadi.net/r46-4878/eu

Munduko komunikabideak
www.unincca.edu.co/perio/periodico.htm



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia