Magdalena, Argentina. Duela urtebete, obren ondotik eta hilabete luzetako itxaronaldiaren ondoren, Magdalenako Euskal Etxeak gogoz eta zoriontsu ospatu zuen bere egoitza berriz inauguratzea. Joan den larunbatean, uztailaren 13an, elkarteak bere 32. urtebetetzea ospatzeko aukera izan zuen Rivadavia kaleko areto horretan, bertako hormak Magdalena inguruko familien armarri heraldikoen irudiekin apainduta daudela. Ongi Etorriko alkate den Raquel Oyarzabalek bere 86 urtetan antolatutako erakusketa da eta marko berezia eman zion ospakizunera bildutako bazkide-talde leialaren topaketari. Kanpoko tenperatura baxuei aurre eginez, bertaratutakoek bazkari goxoa partekatu zuten, alaitasun eta adiskidetasun giro beroan.
Ana María Ondarçuhu lehendakariak partaidetza eskertu zien bazkide eta lagunei eta Lisardo Horcade intendenteari. Dantzariek dantzatu, eta Monica Olasaguirre euskaraz mintzatu eta kantatu zuen, Iparragirreren 'Oi nere zoragarria'
Bertan izan ziren udal intendente Lisandro Hourcade eta aldameneko Verónica herriko lagunak. Pintxoekin hasi zen bazkaria. Ondoren etorri ziren oilasko kazola eta txoripana, dena Ongi Etorrikoek berek prestatua. Postrerako, urtebetetze opil erraldoia partekatu zuten, Magdalenako 36 zenbakidun Espetxe Zerbitzuko tailerreko partaideekin elkarlanean egina. “Jendearen erantzuna bikaina izan zen, giroa familiakoa oso, jendeak ilusioz hartu zuen parte eta batzuk euskal dantzak dantzatzera ausartu ziren”, diosku Euskal Etxeko lehendakari Ana María Ondarçuhuk.
Abril Olanok zuzentzen du Ongi Etorriko helduen dantza taldea. Bi urte zituenetik dantzatzen du eta La Platako Euzko Etxeko Denak Bat dantza taldeko kide izan zen. Jaian, Sorgin Dantza eta plazetako dantzak aurkeztu zituzten. “Jendeari izugarri gustatzen zaizkio, hemen gehiegi ikusten ez diren dantzak baitira, eta hain lotsatiak ez ziren batzuk txapeloaz-ekin bat egitera bildu zitzaizkigun", azaltzen dio EuskalKultura.eus-i.
Euskarak presentzia garrantzitsua izan zuen ekitaldian, elkarteko idazkariorde den eta euskal etxeetarako euskara irakasleak prestatzeko helburua duen 'Euskara Munduan' programan Ongi Etorrik ordezkari duen Monica Olasaguirre-k bertaratutakoei zuzendu eta kantatu ere egin zienean. Giro benetan berezia sortu zen "Oi nere zoragarria", Jose Mari Iparragirrek Angela emazteari idatzitakoi abestia kantatu zuenean. Kantua Argentinan bereziki entzun eta zabaldu zen duela hamabost bat urte, Sandra Mihanovichek eta Abel Pintosek Kepa Junkeraren "Kalea" diskorako egindako bertsioari esker.
Zorionak Ongi Etorri!