euskal diaspora eta kultura
2013/02/12
PUBLIZITATEA
Valentzia, Espainia. Gaur abiatuko dira Valentzian Etxepare Euskal Unibertsitateak eta Valentziako Unibertsitateko Filologia, Itzulpen eta Komunikazio fakultateak euskal kulturari buruz antolatu dituzten jardunaldiak. Topaketak irekiak izango dira eta lau saioetan antolatuko dira: gaur, hizkuntza eta kultura izango dira hizpide; martxoaren 12an literatura, apirilaren 16ean zinea eta maiatzaren 14ean musika.
Gaurko saioko hizlaria Garikoitz Knörr de Santiago izango da. Valentziako Unibertsitate Politeknikoan irakasle da Knörr eta, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez, euskal kulturaren inguruko sarrera orokor bat egingo du, eremu geografikoa, giza aniztasuna, euskal hizkuntzaren alderdi historikoak, soziolinguistikoak eta dialektikoak kontuan hartuz. Hitzaldia arratsaldeko 18:00tan hasiko da, Fakultateko Gradu aretoan.
Literaturaz
Martxoaren 12an Mari Jose Olaziregik, Etxepare Euskal Institutuko Euskararen sustapen zuzendariak, hartuko du lekukoa. Olaziregi EHU-ko irakaslea eta literatura kritikaria da eta mintzaldian euskal literaturak XIX.-XX. mendeetan zehar izan duen bilakaera historikoaren berri emango du, Iban Zaldua idazlearen laguntzaz.
Zalduak 2006 urtean Euskadi literatura saria irabazi zuen "Etorkizuna" ipuin bidumarekin. 2012 urtean euskarazko haur eta gazte literatura saria eskuratu zuen "Azken garaipena" lanari esker. Hitzaldia arratsaldeko 18:00tan izango da, Fakultateko Batzar aretoan.
Zinema eta musika
Zinema izango da apirilaren 16ean egingo den saioaren ardatza, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiaren zuzendariarekin. Fernandezek euskal zinemaren gaur egungo egoerari buruzko aurkezpena egingo du eta azken urteotan euskal zinemaren film esanguratsuenetako bat proiektatuko du. Hitzordua Fakultateko Gradu aretoan izango da, arratsaldeko 18:00tan.
Amaitzeko, maiatzaren 14ean Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta kantariek euskarazko abestien historian zehar bidaia egingo dute kontzertu multimedia baten bidez. Ikuskizunak Mikel Laboaren euskal kantautorearen “Baga biga higa” abestia du inspirazio iturri eta izenburutzat. Emanaldia Gradu aretoan izango da, arratsaldeko 18:00tatik aurrera.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus