euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal kulturari buruzko sei liburu berri aurkeztu dira Buenos Airesko Liburu Azokaren 37. edizioan

2011/04/29

Carlos Irisarri, Jorge Beramendi, Elvira Kortajarena eta Mauricio Goyenechea Buenos Aireseko Liburu Azokaren 37. edizioan (argazkia EuskalKultura.com)
Carlos Irisarri, Jorge Beramendi, Elvira Kortajarena eta Mauricio Goyenechea Buenos Aireseko Liburu Azokaren 37. edizioan (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Liburu munduari hiri irekia du leloa apirilaren 20tik maiatzaren 9ra luzatuko den Buenos Airesko Nazioarteko Liburu Azokak, eta Hego Ameriketako kultur ekitaldi erraldoi honetan, idazle euskal argentinarrek leku berezia izan dute aurten. Juan de Garay Fundazioak argitaratutako lau testu aurkeztu dira herenegun Azokako Adolfo Bioy Casares Aretoan. Aurreko larunbatean, berriz, eta Dunken Argitaletxearen standean, 'Andrea Moch, artista baten bizipenak' aurkeztu zuen bere egile Angeles de Dios de Martinak. Sukaldaritza ere ez da letren jai honetatik at geratu: Marita Echavek bere 'Euskal baserrietako sukaldaritza'-ren aleak sinatu zituen Juan de Garay Fundazioak eta FEVAk kudeatzen duten standean.

Buenos Aires, Argentina. Iluntzeko zazpietan eman zitzaion hasiera apirilaren 27an Juan de Garay Fundazioak argitaratutako lau liburu berriren aurkezpenari. Fundazioaren izenean, Mauricio Goyenecheak ongi etorri hitzak zuzendu zizkion bildutako jendeari eta segidan, Jorge Beramendi irakasleak liburu bakoitzaren xehetasunak konpartitu zituen publikoarekin.

Hasteko, otsailean burutu zen Udako Euskal Unibertsitateko ikasleen egindako azken lanak biltzen dituen testuaz mintzatu zen Beramendi. “Universidad de Verano 2011 (Udako Euskal Unibertsitateko 2011ko azken lanak) liburuak euskal kulturari buruzko hainbat gai eskaintzen dizkio irakurleari”, azaldu zuen Beramendik. Jarraitzeko, Los Cuentos de Teresita (Teresitaren ipuinak) liburuaren txanda izan zen, eta oraingoan, Teresa Pastor idazlearen ilobek, Agustina eta Bernarda Marambio, izan zuten haien amonaren lanari buruz hitz egiteko ardura.

Juan de Garay Fundaziaoren liburuak 2011 001

[Juan de Garay Fundazioak aurkeztu zituen lau liburuak (argazkia EuskalKultura.com)]

Ondoren, Carlos Irisarrik berak kontatu zien Adolfo Bioy Casares Aretora bertaratu ziren lagunei zertan datzan bere Cursillo de Lengua Vasca (Euskara ikastaro laburra). “Era didaktiko eta lagungarrian azaltzen ditut euskararen egiturak liburuxka honetan” adierazi du egileak. Atzoko aurkezpenekin bukatzeko, Luis Luquez-ek Aquellos Euskos, estos Vascos (Eusko horiek, euskaldun hauek) bere liburuan garatzen dituen euskaldunen historiaren puntu esanguratsuenak deskribatu zituen.

Azpimarratzekoa da euskal komunitateko ehun bat lagunek parte hartu zutela ekitaldi honetan, tartean Elvira Kortajarena Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguairako Euskadiko Ordezkaria.

Cordoba eta Chacoko idazleak

Cordoba probintziako Coronel Moldes herritik etorritakoa, 'Gure Zainak' euskal etxearen bultzatzaile nagusia den Marita Echave ere izan da aste honetan Liburu Azokan. Cocina vasca campesina ('Euskal baserrietako sukaldaritza' azpitituluduna) liburuaren egileak zer nolako garrantzia duen sukaldaritzak euskal kulturan azaldu zien hurbildu zitzaizkien bisitariei. Bide batez, testuaren aleak sinatu zituen Euskal Herriko standean.

Buenos Aireseko Liburu Azoka 2011 02

[Angeles de Dios de Martina Dunken Argitaletxeko standean eta Marita Echave Euskal Herriko standean (argazkia EuskalKultura.com)]

Beste alde batetik, pasa den 23an Andrea Moch, andanzas de una artista (Andrea Moch, artista baten ibilerak) aurkeztu zuen Angeles de Dios de Martina idazle chacotarrak. Jende multzo polit bat bildu zen Dunken Argitaletxearen standean euskara eta euskaldunekin zein ezkerrarekin eta feminismoarekin engaiamendu handia izan zuen artista honen bizitzaren pasadizoak entzuteko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia