San Miguel, Argentina. Buenos Aires probintziako San Miguel hiriko Askatasunaren Bidea Taldeak bere 10. urteurrena ospatu du joan den ostiralean, ekainaren 21ean, elkarteak garatzen dituen ekintzen egoitza den Domingo Faustino Sarmiento Udal Herri-Liburutegian eginiko ekitaldi batean. Aretoa bereziki apaindu zuten ospakizunerako, ikurrina eta Nafarroako bandera, “euskal eskubideen eta askatasunaren ikurra diren” haritzaren hostoak eta “gure elkartearen babesle den” eguzki-lorearekin.
“Hamarkada bat pasatu da San Miguelen euskal kultura zabaltzeko ardura hartu genuenetik, XIX. mende amaieran hona iritsi ziren euskal etorkinen lekukoa mantentzeko ardura hartu genuenetik”, adierazi dute Askatasunaren Bidea-ko lagunek. “Eta hori da gure helburua eta eguneroko lana. Duela hama urte hori izan bazen bultzatu gintuen ilusioa, orain asko pozten gaitu asmo hori gauzatuz joan dela ikusteak”.
Lagun talde polita bildu zen liburutegira Taldeko kideekin topa egiteko. Gonbidatuen artean, Liburutegiko zuzendari Jorgelina Mansilla eta berriz ere plazara itzultzen hasia den Carlos Gabilondo Euskal Zinema Ibiltariko arduraduna. Ospakizuneko argazki gehiago, Taldearen blogean.