euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal kulturak eta ekimenek tarte handiagoa izango dute aurten Buenos Aireseko Nazioarteko Liburu Azokan

2007/04/13

Juan de Garay Fundazioaren standa azokaren aurreko edizio batean (argazkia BasqueHeritage.com)
Juan de Garay Fundazioaren standa azokaren aurreko edizio batean (argazkia BasqueHeritage.com)

PUBLIZITATEA

Buenos Aireseko Nazioarteko Liburu Azokak ateak irekiko ditu astelehenean, azken 30 urteetan betetako hitzorduari helduz. Azoka maiatzaren 7ra arte luzatuko da eta aurtengo nobedadeen artean euskal kulturak izango duen tarte garrantzitsua aipatu daiteke, liburu aurkezpen, mintzaldi, liburu sinatze eta dantza eta musika ikuskizunekin. 33. edizio honetan Juan de Garay Fundazioaren parte hartzeari FEVA eta Eusko Jaurlaritzarena batuko zaizkio.
Datorren astelehenean hasi eta maiatzaren 7ra bitartean 33. Nazioarteko Liburu Azoka izango da Buenos Airesen. Edizio honek gainera euskal parte hartze ohi baino handiagoa ekarriko du eta azokan aitzindari izan den Juan de Garay Fundazioaren euskal presentziari FEVA eta Eusko Jaurlaritzarena gehituko zaizkio. Hiruak elkarlanean aritu dira azokan egingo diren aurkezpen, ekitaldiak eta euskal standa antolatzen.

'2005 urte bukaeran, FEVAren bilkura batean, Chacoko Euskal Etxeak euskal kulturaren hedapenerako FEVAk liburu azokan parte hartzea aurrerapauso garrantzitsua izan zitekeela aipatu zuen', agertu dio EuskalKultura.com-i Mari Luz Artetxe FEVAko lehendakariak. 'Proposamen horri jarraituz, FEVAk Juan de Garay Fundazioarekin hitz egin zuen, euren ekimenak batu eta elkarrekin azokan parte hartzeko.'

Magdalena Mignaburuk liburua aurkeztuko du

'Gure helburua urtero azokatik pasatzen diren ia bi milioi lagunei Euskal Herria erakustea da', azaldu dio EuskalKultura.com-i Magdalena Mignaburu idazle eta irakasleak. Mignaburuk liburu bat aurkeztuko du azokan, FEVAren historiari buruzkoa. 'Euskal argentinar komunitatearen ekoizpen editoriala, artistikoa eta kultura ezagutzera emateko erakuslehio interesgarria da Azoka'.

Mignaburu bertan izango da FEVAren historiari buruzko liburuaren aleak sinatzen, baina aurkezpen honetaz gain euskal-argentinar liburu ekoizpenaren uztak beste liburu bat ere ekarriko du: Los vascos en la Argentina. Familias y Protagonismo lana. Liburukote hau Juan de Garay Fundazioak bultzatzen duen ikerketa ekimen mardularen emaitza da eta aurten aurkezten dena hirugarren edizioa izango da.

David Lasagabasterren mintzaldia

Azokan liburu aurkezpen hauezaz gain beste ekitaldiak ere izango dira. Horietariko bat David Lasagabasterrrek, Euskal Herriko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetarako Errektoreordeak emango duen hitzaldia izango da, maiatzaren 3an. Lasagabasterrek Estatu Batuetako euskal diasporan hitz egiten diren hizkuntzei buruzko ikerketa egin du, eta hitzaldian Diasporan hizkuntza desberdinak mantentzeari buruz ariko da.

Apirilaren 16tik maiatzaren 7a bitartean antolaturiko beste ekitaldi batzuk honokoak izango dira: euskal musika eta dantza eraskutaldiak euskal etxe desberdinetako dantza talde eta musikarien eskutik, Lagun Onak koruaren kontzertua eta Gernikaren bonbardaketa gogoratuko duen ekitaldi bat, apirilaren 27an azken hau. Gainera, euskal standean jarriko den plasma pantailan etengabe emango da 'Euskal Herria lau haizetara' dokumentala. Standean eskainiko den informazio eta liburuei gehituta Mignaburuk aipatzen du 'euskal kulturaren hedapenerako gunea' izango dela, ezpairik gabe, azokako euskal txoko hau.

Euskal komunitatearen parte hartzea nahi

Standean erakutsiko diren materialak bisitarien interesei erantzuteko bereziki aukeratuak izango dira. Helburu hau lortzeko FEVAk bere webgunean inkesta bat eseki zuen, internet erabiltzaileei standean zer aurkitu nahiko luketen galdetuz. Buenos Aireseko Nazioarteko Liburu Azokak Hezkuntza Ministerioaren eta Buenos Aireseko Gobernuaren Kultura Ministeritzako Idazkaritzaren laguntza du. Astelehenetik aurrera eta maiatzaren 7a arte bisitatu ahal izango da, La Ruralen, Buenos Aireseko Predio Ferial delakoan.


Lotura interesgarriak

Buenos Aireseko 33. Nazioarteko Liburu Azoka
Apirilaren 16tik maiatzaren 7ra

Juan de Garay Fundazioa
www.juandegaray.org.ar

FEVA
www.fevaonline.org.ar

Euskal parte hartzea 2006ko azokan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko apirilaren 26ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia