euskal diaspora eta kultura
2014/06/06
PUBLIZITATEA
Pigüe, Argentina. Buenos Aires probintziako herri askotan bezala, Argentinako hiriburutik 580 kilometrora kokatuta dagoen Pigüe herrian euskal jatorrizko jende asko dago. Baina beste hainbat herritan ez bezala, Pigüe-n ez du inoiz euskal etxerik izan; horregarik, eta egoerari ekarpen berriak egitearren, euskal jatorrizko lagun batzuk biltzen hasi ziren joan den urtean, talde bat osatzeko eta euren euskal sustraiak hobeto ezagutzeko asmoarekin.
Taldearen lehendabiziko pausoa hilabetero bildu eta topaketak egiten hastea izan zen. Eta proposamenak arrakasta izan zuen; izan ere hilabetero, hirugarren astelehenean burutzen dira afari hauk eta 50etik gora lagun biltzera iritsi dira. Hitzorduak herriko ‘Cafe-Resto Navarra’ jatetxean burutzen dira eta euskal menua eskaintzen dute.
Lehenengo pausoak, lehenengo emaitzak
Baina afarietan parte hartzen dutenak ez dira esku-hutsik etxeratzen. Elkarretaratze bakoitzerako, buletin txiki bat prestatzen du topaketen antolatzaileetakoa den Ana Maria Zugastik. Bere hitzetan esateko, “asmoa da, buletinaren bidez, gure arbasoen historia eta jaioterria ezagutzea. Adibidez, maiatzekoan nire osaba zenaren etxean aurkitu nuen artikulu bat argitaratu genuen. Bertan nitre aitona Jose Manuel Zugastiren pasadizo bat agertzen da, bera Pigüeko Argi-Indar Kooperatibako gerentea izan zen urteetan, eta bere kudeaketa goraipatzen da testuan. Aitona Doneztebekoa, Nafarroakoa, nuen”, adierazi dio EuskalKultura.com-i Ana Maria Zugastik.
Taldea osatuta dago baina oraindik lan handia egin behar da erakunde bat sortzeko. Bertan hala pentsatzen dute bederen. Taldeko beste ordezkari bat den Veronica Olletak azaltzen digunez, “lehentasuna taldea sendotzea da, jende gehiago biltzea eta batez ere gazteak erakartzea. Behin talde jendetsua eta antolatuta dugunean, hitz egingo dugu Zuzendaritza Batzordea osatzeaz”.
Hurrengo bilera ekainaren 17an: zinea
Pauso hori eman gabe ere, lekua ari da irabazten taldea komunitatean eta iaz hiriaren urteurren kabalkadan hartu zuen parte Pigüé-ko euskal gizataldeak, historian lehen aldiz. “Desfilea abenduaren 4an izan zen Pigüeko kolektibitateak partaide. Euskal gizataldearen logoa nire iloba Analuz-ek eraman zuen, Iparraldekoa zuen bere birramonaren mantalaz jantzita”, azaldu digu Zugastik.
Pausoz pauso baina gogo handiz, aurrera doaz Pigüeko euskal ondorengoak euren bidea eraikitzen. Eta herrian euren arbasoen kultura ezagutaratzeko ekintza berriak ere sartuko dituzte euren hileroko topaketetan. Kari horretara, ekainaren 17ko afarian euskal film bat proiektatuko dute. Pigüeko euskaldunekin kontaktatzeko, ‘Centro Vasco Pigüe’ izenpean dauden Facebook-en.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus