Unai Zaballa, Amaia Valpais, Patxi Laskurain eta Alessia Leoni dira euskal elkarte berria sortzeko lanean dabiltzan laurak. Joan den asteazkenean, martxoaren 4an, antolatu zuten lehen bilera Illiniois State University-n . Zaballak EuskalKultura.com-i adierazi legez, “euskara-eskolen inguruan egon zitekeen interesa ezagutu gura genuen eta oso pozik gaude jendeak zelan erantzun duen ikusita”. Antolatzaileez gain, beste hamar lagun bildu ziren. Hemendik aurrera, beste ekintza pare bat antolatu nahi dituzte, jendea erakarri eta gerora euskara eskolak ematen hasteko.
Normal, AEB. Aurkezpenera hurbildu zirenei, pintxoak dastatzeko aukera emateaz gain, elkartea sortzeko arrazoiak azaldu eta Euskal Herriari eta euskarari buruzko informazioa eman zieten. “Gure ustez hizkuntza txikiei ere lekua egin behar zaie Unibertsitateko Hizkuntzalaritza departamentuan, ez soilik hiztun gehien dituztenei”, adierazi digu Illinois State University-ko Linguistika ikaslea den Zaballak. Bilerara bertaratutakoek euskarazko oinarrizko zenbait berba ikasi zituzten eta “zinezko interesa erakutsi zuten, izan ere galderak egin eta batzuk apunteak ere hartu zituzten”.
Bilera antolatzea pentsatu baino aste batzuk lehenago, Hizkuntzalaritza departamenduko buruak esan zien Japoniera eta Portugesezko eskolak ematen hasiak zirela, baina nahi beste arrakasta ez zirela ari izaten. Hori honela izanik, epe laburrean euskarazko programa bat hasteko intentziorik ez zutela esan zien. Hala ere, egoera aztertuta, beren kabuz hasteko erabakia hartu zuen laukoteak: NABOko euskara koordinatzaile diren Itxaso Cayero (Boise) eta Aitor Iñarrarekin (San Frantzisko) eta New Yorkeko Euskadiren Ordezkaritzako buru den Ander Caballerorekin berba egin ostean, lehen bilera deitu zuten.
Datozen urratsak
Hurrengo plana apirilaren 15ean gauzatuko dute: pintxo ikastaroa. Jateko kontuak arrakastatsuak izan ohi direnez, interesa izango duen jende gehiago biltzea espero duela esan digu Zaballak.
Batzen den jende kopuruaren arabera, litekeena da, hortik guxira, Korrika ere antolatzea. “Badakigu ikasturte amaieran gaudela, baina gauzak ondo badoaz euskarazko eskola batzuk emango ditugu kurtso amaiera baino lehenago eta, datorren ikasturterako, programa luzeagoa prestatuko genuke”, adierazi du Zaballak.
Nortzuk dira?
Hizkuntzalaritza ikasle getxoztarra da Zaballa eta literatura ikasle gernikarra Valpais. Patxi Laskurain donostiarrak hizkuntzalaritza eskolak ematen ditu eta Alessia Leoni pedagogia ikasle italiarra da.
Badago Argentinan Artaburu Euskaltzale Elkartea deritzon talde bat, baina Zaballak EuskalKultura.com-i aipatu dionez, izena asmatu eta gerora jakin zuten horien berri. “Hemen arto asko hazten dute, Euskal Herrian ere arto asko daukagu eta artaburu, txoriburu hitzarekin jokoa egin nahi genuen”, bukatu du.