euskal diaspora eta kultura
2008/11/13
PUBLIZITATEA
Donostia, Gipuzkoa. Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen duen sari garrantzitsuena emango diote abenduaren 23an Mikel Laboa abeslariari: Gipuzkoako Urrezko Domina. Markel Olano diputatu nagusiak, horrela laburbildu du saria Laboari ematearen arrazoia: 'Euskal kultura unibertsalaren ikono garrantzitsuenetakoa da'. Urrezko Dominaren bitartez Gipuzkoako balioen alde borrokatzen duten pertsonak edota elkarteak saritzen ditu Foru Aldundiak. Laboak 74 urte bete ditu aurten eta Gipuzkoako Urrezko domina 'erantzukizun handiz' jasoko duela jakinarazi dute bere ingurukoek. Saria abenduaren 23an Aldundiaren Jauregian egingo den ekitaldian emango diote.
1950ean ekin zion Laboak gitarra jotzen ikasteari eta 1958an lehen kontzertua eman zuen Iruñeko Gaiarre antzokian. Ordutik hona Laboak egin duen lanak euskarazko ahozko tradizioa zaharberritzen eta suspertzen lagundu du. Haren musika, tradizioaren, poesiaren eta esperimentazioaren arteko nahasketa gisa definitu izan dute musika adituek. 'Belaunaldi berrientzat erreferentea da Laboa, eta inoiz ahaztuko ez den abeslaria', esan du Markel Olanok Gipuzkoako diputatu nagusiak.
'Txoriak txori'ren musikagilea
Euskal kulturako tradizio bilakatu diren abestiak konposatu ditu Laboak, abangoardia uztartzearekin batera. 'Ez dok Amairu' mugimendu artistikoan ere lan egin zuen euskararen eta euskal kulturaren alde. Hain zuzen, 2000. urtean Laboak EHUk ematen duen Urrezko Domina jaso zuen Benito Lertxundi eta Joxean eta Jexux Artze anaiekin batera, guztiak 'Ez dok Amairu' taldean ibilitakoak.
1964. urtean lehenengo diskoa atera zuen, 'Azken' izenekoa, lau kantu tradizionalez osatutakoa. Geroztik beste hamabi disko kaleratu ditu. Azken lanen artean, 'La Pelota Vasca' filmaren soinu banda, 'Xoriek' CDa (2005) eta 'Lekeitioak' (2007) bilduma osatua aurki ditzakegu. Hainbat izan dira Laboak sortu edota herri tradiziotik berreskuratu eta interpretatu dituen abestiak, horietatik asko euskal gizarteak bere egin dituenak. Bere kantuetakoak dira 'Txoriak txori', 'Haika mutil', 'Baga, biga, higa' eta 'Gure bazterrak'.
Mikel Laboaren 'Gure Bazterrak' kantua, hemen
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus