euskal diaspora eta kultura
2010/07/16
PUBLIZITATEA
Paris, Frantzia. Erakusketa honek Euskal Herriak eta bere diasporak osatzen dituzten euskal munduen gaurko aipamena egiten du. Bost hizkuntzatan segi daiteke, hala nola euskaraz, frantsesez, espainolez, ingelesez eta katalanez.
Euskal munduen ikuspegi moderno eta berdingabea eskaintzen du erakusketako prozedura teknologiko eta interaktiboak medio. Bidaia sentikorra da, unibertso soinudun eta ikus-entzunezko baten bihotzean, gaurko artista, argazkilari, idazle, musikari eta errealizadore batzuen ikuspegi gurutzatuek osatutako kaleidoskopio baten antzekoa.
Pantxoa Etchegoinen hitzetan "Beste inon ikus ez daitezkeen eduki eta sormen lan ugari ditu erakusketak”.
Erakusketa lau modulutan banatua dago:
1. modulua: EUSKAL MUNDUEN KALEIDOSKOPIOA
Lehen modulu honek bidaia bat proposatzen dio bisitariari. Euskal munduen bihotzean, kulturaren eta ekonomiaren arloa eta arlo sozialak lantzen ditu gehienbat, ez modu didaktikoan, poetikoan baizik. Erakusketan sartu berria den bisitariak aurkitzen den herriaren, soinu, irudi eta koloreak pixkanaka deskubritzen ditu; Euskal Herriaren egunerokotasuna paisaiaren bidez helarazten zaio bisitariari. Euskal mundu garaikidean barrena sentimenezko abentura bat bezala deskribatu dute antolatzaileek.
2. modulua: TOPAKETA KULTURALAK
Hizkuntza oinarritzat hartuz eta eragin ezberdinak bereganatuz, Euskal Kultura horren eramaileak gehienetan herritarrak berak dira, aktore bilakatzen baitira. Bertsoa, literatura, musika, pilota, dantza edota eskultura bezalako elementu kulturalek izaera berezi bat ematen diote Euskal Herriari, eta izaera hau aztertzen du bigarren modulu honek.
3. modulua: EUSKAL UHARTEDIA, NORTASUN BIZIKIDEA
Nazioartekotzen direnean edota distantzia–denbora eskalak aldatzen direnean nola bizi dute euskaldunek bere nortasuna? Euskaldun sentimendu amankomun batek lotzen ditu, norberaren ibilbide pertsonalek mosaiko bat egiten dute, nortasunaren inguruan norberak bere erantzuna du. Hirugarren modulu honek erantzun aniztasun hori biltzen du.
4. modulua: BIDEAN, ZUBI BATETIK BESTERA
“Batekmila-Euskal Munduak” erakusketaren mezuen bilduma izan nahi duen “11zubi” bideoa ikusgai dago atal honetan. Jatorri ezberdineko jendeak utzitako mezuak eta sortutako irudi-multzoak biltzen dira, herriz herri bildutako materiala, Euskal munduen ikuspegi ezberdinen lagin bat, norberak osa lezakeena.
Euskal Herriari buruzko erakusketa askotan faltan botatzen den Diasporaren aipamena, presentzia duin eta aktiboa bilakatzen da erakusketa honetan, hala nola Argentina edo Estatu Batuetako euskaldunen berri ematen den zati hauetan.
Aipatzekoa da "Batekmila - Euskal munduak" erakusketak UNESCO-ren labela eskuratu zuela 2008ko Hizkuntzen Nazioarteko urtekarian.
Pariseko ekitaldi programa
Sarean
Erakusketa bere osotasunean sarean ikusteko aukera dago. Eduki guztiak euskaraz, frantsesez, espainolez, ingelesez zein katalanez ikusteko aukera dago www.batekmila.net webgunean.
Euskal Kulturak munduan duen zeresana aztertzen duen eduki ugari aurki ditzakegu bestetik www.mondesbasques.com atarian.
Bestetik, www.guremunduak.com atarian erabiltzaileak bere argazki, bideo eta beste zenbait eduki igo ditzake sarera, bakoitzak Euskal Herriaren inguruan bizitako esperientzia elkarbanatu eta partekatzeko.
Eduki ugari, beraz, "Batekmila - Euskal munduak" erakusketaren inguruan kokatzeko.
Parisen, XVII. arrondizamenduko Herriko Etxean ikusgai izango da Batekmila, 2010eko uztailaren 16tik agorrilaren 20era, astelehenetik ostiralera, 8:30etatik 17:00etara, eta ostegunetan 19:00ak arte. Sarrera dohainik da.
-Informazio gehiago: www.euskalmunduak.com
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus