Maiatzetik ekainera bitartean, sei astez, euskal kantuak, dantzak eta hizkuntza bera ikasteko aukera eskainiko du Quebec-eko Euskal Etxeak. Maider Martineau makearra izango da irakaslea eta, EuskalKultura.com-i adierazi dionez, “helburua jendeari oinarri bat ematea izanen da, modu aski lasai eta pedagogikoan”.
Montreal, Quebec. Euskaldunak Quebec Euskal Etxearen hasierako plana sei asteko ikastaroa martxo eta apirila bitartean egitea zen baina, Maider Martineauren lan karga dela eta, atzeratzea deliberatu zuten. Maiatzaren 14tik ekainaren 11ra bitartean izango da, seguruenik, azken datak konfirmatzeke. “Nik proposatu dut, baina azken arrapostuaren zain gaude. Bilkura bat egin behar dute”, esan digu musikariak.
Datak gora-behera, sei larunbatetan zehar izango da ikastaroa eta dantzak, abestiak, musika eta, ziur asko, euskara eskolak barne hartuko ditu programak. Hasiberriei zuzendua izango da eta 30 dolar baino ez dituzte pagatu beharko parte hartzaileek. Ikastaro bukaeran, gainera, ikuskizun txiki batean parte hartu ahalko dute ikasleek.
“Helburua jendeari oinarri bat ematea izanen da, modu aski lasai eta pedagogikoan”, adierazi du Martineauk. “Askok nahi dute kantatu baina ez dakite nola”. Programa erabat osatu ez duen arren, baditu lapurtarrak hainbat ideia: polifonia, koruan kantatzea, panderoa jo eta abestea... Eta panderoaren harira, Martineauk ikusi du Kanadan topa ditzakeenak ez direla Euskal Herrian lortu ahal direnen igoalak, “baina maneiatuko gara”, segurtatzen du.
Euskara ikasten ari da Martineau gaur egun, Itsasuko (Lapurdi) Laida Irungarai laguna irakasle duela, Quebec-en bizi baita hura ere. Eta, horregatik, bere laguntzarekin, euskara ere sartu nahiko luke ikastaroan.
Lapurditik Quebec-era
Lapurdiko Makeakoa da Maider Martineau, eta txikitatik amestu izan du Quebec-era joatearekin: “Bizi osoan nahi izan dut joan Quebec-era, ez dakit zertarako, baina maite nuen azentua, jendea eta giroa. Eta, hemen, ene deitura duten anitz pertsona badira. Azentua ere oso antzekoa dute ene birraitonarenarekin”. Loturarik badagoela uste du musikariak.
Gustura dabil Kanadan Maider eta, udan Euskal Herrira egingo duen osteratxoa eta gero, itzuli egingo da: “Faltan botatzen dut Euskal Herria, baina maite dut hau. Anitz ikasten nago, anitz deskubritu dut niri buruz”, bukatu du.