San Juan, Argentina. Asteartetik larunbatera bitartean, otsailaren 25ean hasi eta 29ra arte luzatuko da San Juanen Eguzkiaren Festa Nazional famatua, San Juan hiriburuan, Andeen magalean. Jai honen programa zabala da oso, eta mota askotako ekintzak batzen ditu, tartean nazioarteko artisten ikuskizunak. San Juango Udalak gonbidaturik, hiriko kolektibitateek ere hartzen dute parte eta urtero-urtero San Juango Eusko Etxea izan ohi da euskal gizataldearen ordezkari, Argentina mailan jairik garrantzitsuenetako bat den honetan.
2020ko festarako stand gastronomiko-kulturala muntatu dute euskal elkarteko lagunek. Sukaldean, Eduardo Barrios ari da eskaintzako arduradun, urdaiazpiko, txorizo eta haragi pintxoak prestatu eta zerbitzatzen dituen taldeko buru.
Kultur aldean, Eduardo Ochoak, Silvia Escuderok eta Paula Ochoak errezibitzen dituzte bisitariak eta Euskal Herriari, euskal abizenei eta Eusko Etxearen ekintzei buruzko informazioa ematen dute.