euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Kultur Erakundeak 2008rako egitaraua aurkeztu du eta aurten 'maila bat igotzeko' apustuarekin dator

2008/02/19

Pantxoa Etchegoin, EKEko zuzendaria
Pantxoa Etchegoin, EKEko zuzendaria

PUBLIZITATEA

Euskal Kultur Erakundeak aurtengo ekitaldien egitaraua ezagutzera eman du. Erakundeak gogotsu ekingo dio urteari, are gehiago DRAC-ek, frantziar estatuko kultur zuzendaritza erregionalak, bere diru kontu eta funtzionamenduaren inguruan eskatutako auditoriak emaitza bikaina izan duenean. Ikerketak EKE Iparralden duen onarpena agertu du eta bere ekimen egitarau oparoa gauzatzeko behar duena finantziazio gehiago dela garbi adierazi du.
Euskal Kultur Erakundeak ezagutzera eman du 2008rako ekimenen egitaraua. Pantxoa Etchegoin zuzendariak EuskalKultura.com-i azaldu dionez EKEk urtean zehar 52 elkarteri laguntza emango die, bai laguntza ekonomikoa eta baita aholkularitza eta babes teknikoa ere. Gainera, EKEk urte osoan zehar hainbat ekimen berezi jarriko ditu abian. Horietako bat iaz aurkeztu zen BatekMila erakusketa izango da, Euskal Herrian zehar ikusgai izango dena: Bilbo, Hendaia eta Getxon, besteak beste. Urri aldean Bordelera ere helduko da erakusketa, hango Euskal Etxearen laguntzarekin. 'Gure helburua Parisen eta Bartzelonan ere euskal etxeen lankidetzarekin erakusketa aurkeztu ahal izatea da, 2009an', azaldu du Etchegoinek.

Elkartea bultzatzen ari den beste ekimen bat Iparraldeko ahozko ondarearen bilketa da. Baxenafarroan hasiak dira jadanik gizon eta emazte nagusiei elkarrizketak egiten, bertan euren bizipenak, istoriak, kantuak, ohiturak etab. biltzeko. Lau edo bost urtetan ekimena Iparralde osora zabaltzea espero dute. 'Ondoren sarean jarriz edota eskoletan erakutsiz profitatuko genuke', aurreratzen du Etchegoinek.

Artea eta auditoriak

Sorkuntza arloan EKEk Larzabalen ikusgarri zentro bat eta artista egoitza bat antolatuko ditu. Bertan Oreka Tx taldeko txalapartariek --Igor Otxoa eta Arkaitz Martinez-- sorkuntza ekimen bat egingo dute Larzabaleko harri diskoidalen inguruan. 'Harri biziak' izenburua izango du ekitaldi honek. Bestalde argazkilaritza arloan euskal argazkilari bat Borgoñan izango da hango bazterrak iruditan jasotzen eta gero Borgoñako artista bat izango da Euskal Herrira etorriko dena. Martxoan bi artistek erakusketa egingo dute Frantzian, Dijoneko jaialdian. Bukatzeko teknologia berrien arloan lantegiak eta ikastaroak ematen jarraituko du EKEk.

Etchegoin bestalde baikor azaldu da EKEren jardunaren gainean DRAC erakundeak (Frantziar estatuak erregio desberdinetan dituen gai kulturalen zuzendaritzak dira DRCak) eginiko auditoriaren emaitzarekin. Elkarteak diru publikoak ere egokian erabiltzen ote zituen baloratzeko auditoriak emaitza oso positiboak eman ditu EKErentzat. 'Alde batetik EKE onarpen maila altua duela esatera dator', azaltzen du Etchegoinek, 'eta bestetik egitasmo kultural mamitsu eta anbizio anitzekoa duela baina helburuak betetzeko finantziazio eta ahalbide berriak behar dituela. Ez du esan nahi dena ondo egiten dugunik, apaltasunez hartu nahi dugu hau, baina bai EKEk legitimitatea duela eta bere jardunean heldu dela muga batetarat eta orain koska bat igo behar duela'.


Enlaces relacionados

Euskal Kultura Erakundea
www.eke.org

BatekMila, 'bidaia euskal munduetan zehar'
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko ekainaren 21ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia