euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal kultur hitzordua gaur arratsaldean Second Life-n, Euskal Kultur Erakundearen (EKE) eskutik

2008/10/01

Second Life barruan dago 'Artean'.
Second Life barruan dago 'Artean'.

PUBLIZITATEA

Euskal Kultur Erakundeak eta Antic-Pays Basque informazioaren gizartea sustatzeko agentziak 'Artean' gune birtuala sortu dute. Ekimen erabat berritzaile honi esker euskal kultura Second Life animaziozko mundu birtualaren barruan present egoteko erabilpena abian jarri da: Pays Basque uhartea du izena. Gaur asteazkena, urriaren lehena, arratsaldeko bostetatik bederatzietara lehen hitzordu bat antolatu da 'Pays Basque uhartea'-n, gunearen aurkezpen modura. Bere baitan ikusentzunezko edukiak aurkitu ahal izango dira, hala nola poesia, ipuinak, dantzak ...

Uztaritze, Lapurdi. Second Life mundu birtualaren baitan, Euskal Kultur Erakundeak eta Antic Pays Basque informazioaren sozietatearen sustapenetako agentziak 'Artean' kulturgune birtuala sortu dute. Interneten dagoen animaziozko mundu birtual horretan euskal kulturak presentzia izateko bildu dira bi elkarteak, EKEk kultur edukiak landuz eta Antic-ek diseinua eta interaktibitatea. Horrela sortu da 'Artean' proiektua, mundu erreala eta birtualaren artean euskal kulturak tokia izan dezan. Era berean, mundu osoan Second Life-ko euskal erabiltzaileen topaleku ere izan nahi du. Gaur asteazkena, urriak 1, arratsaldeko bostetatik bederatzietara izango da 'Pays Basque uhartea'-aren aurkezpena eta EKEko arduradunak Second Life programaren bitartez bertaratutako edonorri ongi etorria egingo diote.

'Artean' kulturgunearen beste ezaugarrietako bat bertan aurkituko diren tresnak izango dira. Interaktibitatea areagotzeko asmoz, eta bertako kultur edukiei buruzko iritziak komentatzeko edo partekatzeko, txat, e-posta, eztabaidatzeko edota erantzuteko tresnak jarri ditu erabiltzaileen eskura. Beraz, erabiltzailea ez da bisitaria soilik izango, parte hartzailea ere baizik. Horrela, EKEk prestatu dituen kultura edukien inguruan eztabaidatzeko aukera sortu ahal izango da: bideoak, audioak (ipuinak, poesia, kontakizunak, istorioak ...), testuak, argazkiak... egongo dira ikus edota entzuteko. Eduki hauek BatekMila erakusketan izandakoak dira.

Etorkizunerako hainbat proiektu badira eta animazioak eta komunikazio azkartasunak edukiak forma ezberdinean kudeatzeko aukera ematen dutela jakinik, ezin daiteke esan nola garatuko den 'Artean'. Era berean, publiko jakin bati zuzeneko proiektua dela aitortu du Jakes Larre EKEko Kultura Bitartekaritzako kideak, horregatik 'duda batzuk baditugun arren esperantza handiak ditugu proiektu honek oihartzun zabala izan dezan. Asteazkenerako, baditugu Baiona, Bilbo, Iruñea eta Euskal Herriko beste tokietako jendea, alabaina, eta bila jardunagatik, ez dugu Diasporako talderik aurkitu Second Life-n'. Diasporari begira proiektu interesgarria dela deritzo Larrek eta 'Artean' euskaraz eta frantsesez bistaratzeko aukera dago, nahiz eta kultur edukiak ingeles eta gazteleraz ere aurki daitezkeen.

Lotura interesgarriak

Euskal Kultura Second Life unibertsoan

Deskargatu Second Life programa

'Artean' kulturgunea Second Life-n



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia