euskal diaspora eta kultura
2013/11/07
PUBLIZITATEA
Szeged, Hungaria. Euskal soinuak zabalduko dira gaurtik hasita larunbata arte Hungariako Budapest eta Szeged hirietan, bertako Euskara eta Euskal Kultura irakurle Izaskun Perezek antolatu duen kultur egitarauari esker. Etxepare Institutuak sustatzen duen ikastaroak dantza, musika, gastronomia eta zinea zabaldu nahi ditu hungariarren artean eta asmo horrekin hainbat ekimen egingo ditu egunotan.
Gaur jarduerak Szeged hirian izango dira, arratsaldeko zortzietan Millennium Cafe delakoan egingo den euskal-hungariar "Dantza-plaza" batekin. Dantza erakustaldia tailer antzekoa izango da eta bertaratzen direnei dantza errazak erakutsiko dizkiete, guztiek ahalik eta gehien parte har dezaten. Euskaldunen aldetik Xabier Losadak, Andrea Losadak eta Izaskun Perezek jarriko dute musika, trikitixa, alboka eta txalaparta joz. Hungariar musika, berriz, SAML taldeak jarriko du.
Bihar hitzordua Budapestera luzatuko da eta bertara biltzen direnek kale giro ederra topatuko dute trikipoteo batekin. Hitzordua 19:00etan da Bontxo izeneko tabernan. Hor, musika eta gastronomiaz gain, euskal kulturari buruzko berbaldia egingo da, eta bertaratzen direnek aukera izango dute euskara, euskal historia eta kulturari buruz lagunartean solasteko eta ikasteko. Euskal gaua zuzeneko musikarekin amaituko da.
Azkenik, larunbatean "Gazta zati bat" dokumentala izango da ikusgai Budapesteko "The Drunken Sailor" tabernan. Arratsaldeko zazpietan abiatuko da jarduera, eta zineaz gain euskal eta hungariar dantzek ere tartea izango dute, tabernan egingo den dantza lantegiarekin.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus