euskal diaspora eta kultura
2011/11/09
PUBLIZITATEA
Berlin, Alemania. Berlingo euskal komunitateak ekitaldi handi batekin esango dio agur urteari, abenduan egingo baita hirian Euskal Koreografoen 2. Jaialdia. Lehenengo edizioaren arrakastaren ostean, jaialdiak egoitza errepikatuko du eta Iparralde eta Hegoaldeko ia 50 artista ekarriko ditu alemaniar hiriburura. "Edizio honetan gure asmoa euskal koreografoei euren burua Europan ezagutzera emateko aukera ematen jarraitzea da. Lehenengo ediziotik hona jaialdiak koreografo batzuentzako plataforma bezala funtzionatu du", azaldu digu Mikel Aristeguik.
Bitxia da horrelako euskal jaialdi bat non eta Berlinen ospatzea, baina hemen bizi diren euskaldunen lanari esker eta Alemaniak dantza munduari eskaintzen dion arretari esker posible izan da bigarren edizio hau egitea. "Dantza hazten ari da Euskal Herrian, baina, tamalez, oso astiro, eta europar batazbestekoaren azpitik darrai. Nire ustez, bada garaia administrazioak kontuak egin eta inbertsio publikoa parekatzen saia dadin", agertu du Aristeguik.
Euskal presentzia gero eta handiagoa
Jaialdiaren antolatzaileak Aristegui eta Art & Proyect taldea dira, eta babesleen artean daude Etxepare Institutua, Eusko Jaurlaritza, Iparraldeko Euskal Kultura Erakundea eta Pirineo Atlantikoetako Kontseilu Nagusia, Berlingo Espainiako Enbaxadarekin batera. Beste zenbait erakundek ere laguntzen dute ekimena, hala nola Uferstudios eta Tanzfabrik aretoek, Hotel Bogotá-k, Berlingo Cervantes Institutuak eta ADDE-k, Euskal Herriko dantza profesionalen elkarteak, eta, bereziki, Berlingo Euskal Etxeak.
Aristeguiren esanetan, duela bi urte euskal etxe ofizial bihurtu zenez geroztik, Berlingo euskal elkarteak "bazkide kopurua laukoiztu egin du eta une honetan euskal dantza talde bat eta bi euskara talde ditu. Euskal komunitatea forma eta protagonismoa hartzen ari da Berlinen".
PROGRAMA
Abendua 9, ostirala
-14:00-17:00: Fandango & Arin Arin lantegia, Eneko Gil Alberdirekin eta Nerea Vesgarekin. Lekua: Uferstudios, Studio 4.
-19:00: 'Baleen Berbaroa' liburuaren aurkezpena, Edorta Jimenez egilearekin eta Idoia Zabaleta dantzariaren eta Laurentx Etxemendi musikariaren emanaldiarekin. Studio 4.
-20:00: Dantza: 'Batteleku batean', Mikel Aristeguirena, Silvana Suarez Cedeño eta Eneko Gil Alberdirekin; eta 'Carni di prima qualità', Natxo Montero eta Patricia Fuentes. Studio 4.
-21:30: 'Apaizac obeto' dokumentalaren emanaldia (Jon Maiak zuzendua). Studio 1.
Abenduak 10, larunbata
-14:00-17:00: dantza garaikide lantegia, Natxo Monterorekin. Studio 4.
-19:00: Literatura. Itxaro Bordaren poesia irakurketa, Noemí Viana eta Laurentx Etxemendiren dantza ikuskizunarekin. Studio 4.
-20:00: Dantza: 'Fisura n°3', Idoia Zabaletarena, eta 'Lilas', Natalia Mongerena. Studio 1.
Abenduak 11, igandea
-19:00: alderatzea/inprobisazioa: 'Bertsolari-Dantzalari', Miren Artetxerekin eta Jon Maiarekin. Studio 4.
-20:00: Dantza: 'Gorpitz 1', Elirale konpainia eta Pantxika Telleria; 'Pi20', Noemi Viana; eta "Wie eine grosse Familie', Mikel Aristeguirena (4 dantzari, 10 gazte eta 3 musikari). Studio 1
-21:30: 'Modern Basque Surfing' dokumentalaren emanaldia (Iker Treviño eta Xabier Zirikiainek zuzendua). Studio 1.
-Jaialdiaren itxiera festa
-Jaialdiari buruzko informazio gehiago, bere blogean eta Facebook-en
-Jaialdia diruz laguntzeko, jo hona
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus