euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal komunitateak lekua izango du Buenos Aireseko Liburu Azokan, FEVAren standeko aurkezpenei esker

2008/04/08

Aurreko edizioetako Juan de Garay Fundazioaren standa (argazkia EuskalKultura.com)
Aurreko edizioetako Juan de Garay Fundazioaren standa (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Buenos Aireseko Nazioarteko Liburu Azokaren hogeita hamalaugarren edizioa hilaren 24tik eta maiatzaren 12a bitartean egingo da. Aurreko edizioan bezala, euskal argentinar komunitateak bere lekua izango du bertan, FEVAk eta Juan de Garay Fundazioak antolatu duten standari esker. Euskal jardueren epizentroa izango da standa eta bertan mintzaldiak, liburu aurkezpenak eta musika eta dantza erakustaldiak izango dira ikusgai. Standak Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundien laguntza jaso du.
Datorren apirilaren 24ean hasi eta maiatzaren 12a bitartean Buenos Airesen Nazioarteko Liburu Azoka ezaguna egingo da. Azoka hau Latinamerikako nagusienetakoa da, Guadalajarakoarekin batera. Edizio honetan, aurreko urteetako bideari jarraiki, euskal kulturak bere lekua izango du, Juan de Garay Fundazioak eta FEVAk antolatzen duten standari eskerrak. Euskal topagune honek Jaurlaritzaren eta foru aldundien babesa du eta euskal kultura sustatzeko ekitaldiak antolatuko ditu.

Aurten standean egingo diren ekitaldien artean Alejandro Moyano Aliaga idazleak 'Juan de Garay y su descendencia' izenburudun liburua aurkeztuko du, hilaren 30ean, arratsaldeko bost eta erdietan. Beste hitzordu garrantzitsu bat Kolonbiako euskal komunitatearen eskutik etorriko da, Jose Vicente Katarainek emango duen hitzaldiarekin. Katarain Bogotako euskal etxeko lehendakariordea da eta azken 31 urtetan Oveja Negra argitaletxearen sortzaile eta zuzendaria izan da. Katarain bere lanari buruz eta Kolonbian euskal kultura zabaltzeko eginiko ahaleginei buruz arituko da apirilaren 1ean emango duen mintzaldian.

Aipatu standarekin batera, Euskal Herriko beste ekimen eta argitaletxe batzuk EuskalKultura.com-ekin harremanetan jarri dira azokan egingo dituzten jardueren berri emateko. Horrela, Nafarroako Pamiela argitaletxea topaketara bertaratuko da, ziurrenik bere zuzendari Peio Elzabururen bidez, eta Donostiako Nerea argitaletxeak ere izango du presentzia, Arantxa Liceaga zuzendari komertzialarekin. Azkenik, Tafallako Txalaparta argitaletxeak Buenos Aireseko ordezkaritzako arduradunak eramango ditu azokara.


Lotura interesgarriak

FEVA
www.fevaonline.org.ar

Juan de Garay Fundazioa, Buenos Aires
www.juandegaray.org.ar

Buenos Aireseko 34. Nazioarteko Liburu Azoka
www.el-libro.org.ar

Pamiela argitaletxea, Iruñea
www.pamiela.org

Txalaparta argitaletxea, Tafalla (Nafarroa)
www.txalaparta.com

Nerea argitaletxea, Donostia-San Sebastián
www.nerea.net

Mignaburuk FEVAri buruzko liburua aurkeztu zuen iazko azokan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 16ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia