Chino, Kalifornia, AEB. Euskal Herriko eta AEBko bertsolariak, San Frantziskoko txistularia eta Chinoko dantzaria, bertako klika eta kantariak eta hainbat euskaldun eta oro har adiskide partaide, euskal komunitateak azken agur hunkigarria eman zion joan den astelehenean, martxoaren 14an, Kaliforniako Chinoko Centro Basco ostatuko nagusi eta euskal erreferente Monique Berterretche izpurarrari. Elizkizunak goizeko 10etan Chinoko St Margaret Mary elizan egin ziren eta ondotik ehorzketa, eta eguerdiz familia eta lagunek Monique gogoan partekatutako bazkari eta omenezko elkarretaratzea, Chinoko Fairgrounds-etan, aretoa jendez mukuru, hirurehun bat jende partzuer.
Moniqueren lagunek baliatu zuten Euskal Herriko Sebastian Lizaso, Aitor Mendiluze eta Xabi Paya Kalifornian zeudela, ekitaldian parte hartzera gonbidatzeko, eta hala egin zuten, AEBko Martin Goicoechea, Jesus Goñi eta Johnny Curutchet-ekin batera, bat eginez Chinoko eta inguruetako hainbat herritar eta lagunekin, udal ordezkariekin, hainbat euskal etxetako kide eta buruzagiekin, tartean NABOko lehendakari eta bulegokideak, gogoan hartu behar baita Moniqueren alaba behinena, Mayi, NABOko diruzaina dela. Meza antolatzaile aritu zen Germaine Lanathoua, eta kantari Andrea Bidart, Begoña Echeverria eta Maite Maisterrena, Gilbert Lanathouarekin. Ave Maria Cristopher Bengochea tenoreak kantatu zuen. Bertsolarien aurkezle eta laguntzaile, Mike Bidart. Aurreko egunean, igandez, Moniqueren aldeko errosarioa eta bisitaldia egin ziren Chinon, jende askorekin, beheragoko irudietan biltzen den legez.
Izan ere, Monique (Elgart) Berterretcheren omenez eginiko ekitaldien bideoak ekarri ditugu hona. Batetik, sei bertsolarien bertsoak hileta-elizkizunean Moniqueri eskainiak; ondoren, aurreskua Moniqueren ohorez; eta ondoren, beste bi bideo luzeago, bat igandeko errosario eta lagunen azken agurrarekin; eta laugarrenean, aita Antton Egiguren AEBko euskaldunen omoniera emaile izan zuen asteleheneko meza osoa, bertako Restituto Galang apeza kide zuela. Azkenekoko bi bideo hauek Gilbert Lanathoua-ri zor zaizkio.
Aurreskua, Christian Jaureguy dantzari, Valerie Etcharren Arrechea txistulari (irudia EuskalKultura)
Mike Bidartek aurkezturik, Goicoechea, Goñi, Curutchet, Paya, Mendiluze eta Lizaso (irudia EuskalKultura)
Igandean, Errosarioa eta bisitaldia Chinoko St Margaret Mary elizako aretoetan (irudia Gilbert Lanathoua)
Asteleheneko hileta-meza osoa (irudia Gilbert Lanathoua)
GB, Monique (Elgart) Berterretche