euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal kolektibitatea, gizatalde partaide bakarra Concepcion del Uruguaiko 2018ko ‘Expo Concepción’ erakustaldian

2018/04/18

Concepcion del Uruguayko Ibai Txori Euskal Etxea 2018ko 'Expo Concepcion'en
Concepcion del Uruguayko Ibai Txori Euskal Etxea 2018ko 'Expo Concepcion'en

PUBLIZITATEA

Bi urtean behin egiten da Concepcion del Uruguay hiri argentinarrean eskualdeko sektore produktiboen erakustaldia den ‘Expo Concepción’. Antolatzaileek gonbidaturik, Ibai Txori Euskal Etxeak ere parte hartu du aurten, kultur eta sukaldaritza stand baten ardura harturik. Urte osoko ekitaldiak zabaltzeko aprobetxatu dute Euskal Etxeko kideek, tartean, datorren astean bertan, Handia filmaren emanaldia, apirilaren 27an, erakundearen Zine Zikloaren baitan.

Concepción del Uruguay, Argentina. Apirilaren 13tik 15era luzatu da aurten Entre Rios probintziako industria, merkataritza eta zerbitzu erakusketa nagusia den ‘Expo Concepción’. Gustavo Bordet probintziako gobernadoreak inauguratu zuen ekitaldia eta asteburuan zehar beste agintari batzuk ere bertaratu ziren portuaren ondoan dagoen erakusketa-tokira, tartean Luis Etchevehere Nazioko Nekazaritza eta Industria Ministroa.

Ehundik gorako standen artean, euskal kolektibitatearena bisitatu ahal izan zuten lekura bildu ziren 20 mila inguru pertsonek. Euskal standean kultur proposamen ugari eskaini zituzten Ibai Txori Euskal Etxeko kideek. Elkarteko erreferente den Marcelo Etchecoinek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “antolatzaileek gizatalde askori luzatu zieten gonbitea baina gu bakarrik bertaratu ginen. Lagun anitz hurbildu zitzaizkigun eta Euskal Etxean egiten ditugun ekintzen berri eman genien. Parte hartzeko ez dela beharrezkoa euskal sustrairik izatea esaten genienean asko harritzen zen jendea. Eta askok etortzeko asmoa erakutsi zuten. Euskal sukaldaritza ere erakargarri izan genuen”, jakinarazi digu Etchecoinek.

Izan ere, euskal plater eskaintza zabala izan zen. Sukaldariek sukalkia, pintxoak, tartak, euskal pastela eta sagar tarta prestatu zituzten. Horretaz gain, euskal baserri eta musika tresnen argazki erakusketa ikusgai zegoen standean eta euskal abizenei buruzko informazioa ere eman zieten galdetzen zutenei.

Erakustaldiaren baitan Euskal Etxean egingo diren datozen ekintzak zabaldu zituzten Ibai Txori-ko kideek. Datorren astean, esaterako, ‘Handia’ filma proiektatuko dute elkarteko egoitzan, ostiralean, Euskal Zine Zikloaren barnean. Hitzordua gaueko 8:30etan izango da, Concepciongo 14 de Julio kaleko 83. zenbakian.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia