euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal kantuaren errepasoa egiten duen ikuskizuna proposatzen diete Bahia Blancatik, interesatutako euskal etxee eta zentroei

2017/02/01

PUBLIZITATEA

"EKIL-Euskal Kantuen Ibilbide Luzea" du izena ikuskizunak. Bere atzean Victoria Roldan eta Cristian Carrero abeslari eta produktoreak daude, eta Bahia Blanca bertako euskara irakasle eta musikari Rosana Entizne, eurek sortua. Kontzertuan, abestu ez ezik, euskal kantugintzaren historia ere azalduko dute. Ikuskizuna taularatzeko baldintzak errazak dira. Beraz, zeure euskal etxe, elkarte edo kulturetxera ekarri nahi baduzu, harremandu zaitez lehenbailehen ekoizleekin, 2017ko egitarauan leku egin ahal izateko.

Bahia Blanca, Argentina. "EKIL-Euskal Kantuen Ibilbide Luzea" izeneko kontzertu didaktikoa Bahia Blancako Lyric Soul ekoiztetxearen eskutik jaio da. Proiektuaren arduradunen esanetan, proposamena berria da musikaren arloan. "Ikusentzuleek ibilbide liluragarria egingo dute euskal kantuaren historian: abestiekin batera, abestien testuinguru historikoari, egileei eta generoaren bitxikeriei ere erreparatuko die errezitalak. Emanaldiak euskarri multimedia izango du eta jantziez ere lagunduko dugu”.

Euskal argentinar diasporan kultur erreferente den Rosana Entizne adituak azalduko ditu kontzertuetan eskainiko diren piezak. Irakasle bahiatarrarekin batera "Victoria Roldan sopranoak eta Cristian Carrero tenoreak abestuko dituzte kantuak, tartean klasikoak, hala nola Argentinari lotutako Francisco de Madina, edota Aita Donostia, Guridi eta Usandizaga, edo hurbilagoraino iritsiz, esaterako Ez Dok Hamahiru eta kantagintza berria edota Argentinan famatua den Urko donostiarrak osatutako errepertorioa".

EKIL euskal etxeetan

EuskalKultura.com-ek galdeturik Lyric Soul ekoiztetxekoek azaldu dute kontzertua erraz egokitzen zaiola edozein aretori; bistan da, aukeran, gomendatzen dituzte leku handiak –artistak eta publikoa erosoago egoteko– eta horma zuri edo pantaila bat izatea proiekzioak egin ahal izateko. Baldintza tekniko minimoak finkatzeko, zuzenean behar dute adostu ekoizleek euskal etxe interesatuekin: ahal den heinean, aretoetako baliabideekin moldatuko dira, eta besterik beharko balitz ekoizleak arduratuko lirateke ekartzeaz.

Gastu eta kostuei dagokienez, “gure helburua EKIL ikuskizuna interesa duten euskal etxe eta leku guztietara iristea" dela ziurtatu dute. "2017ko egitarauan sartu eta hala nahi duten herrialde osoko interesatu guztiengana iritsi nahi genuke.  Horretarako zuzenean mintzatu eta aztertu behar ditugu kasuak ekoizleen eta elkarte eta erakundeen artean”, adierazi dute.

"Euskal Kantuen Ibilbide Luzea" kontzertua euren komunitateetan eskaintzeko, komeni da ahalik eta lasterren kontaktatzea Lyric Soul-ekin. “Datak ahal bezain pronto erreserbatu eta planak garaiz antolatzea komeni da, artistok egoki antolatu ahal izateko eta emanaldiaren aldez aurreko hedapen lana behar bezala egiteko". "Ekoiztetxearen prentsa saila euskal etxeen esanetara jarriko da zabalkunde materiala banatzeko".

Kontaktua emailez egin daiteke direcciondearte@lyricsoul.com.ar helbidearen bidez; telefonoz 291 430 0467 (9etatik 14etara) zenbakira deituz, edo mugikorrez 11 15 4969 0158 zenbakira.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia